Politika -

MARTXOAK 3KO SARRASKIA

1976an poliziak hil zituen bost langileak oroitu dituzte gaur Gasteizen

Alderdi politikoek, sindikatuek eta erakundeek hainbat ekintza antolatu dituzte gaur goizean. Arratsaldean manifestazioa egingo dute, Martxoak 3ko Biktimen Elkarteak deituta.

Martxoaren 3ko biktimen aldeko memoriala, Gasteizen. Argazkia: EiTB.
Martxoaren 3ko biktimen aldeko memoriala, Gasteizen. Argazkia: EiTB.
Duela 42 urte Poliziak hildako bost langileak omendu dituzte Gasteizen

1:31

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk, PSE-EEk eta hainbat sindikatuk 1976ean poliziak Gasteizen hildako bost langileak omendu dituzte. Sarraskiaren biktimak gogoratzen dituen monolitoan lore-eskaintzak ere egin dituzte.

1976ko martxoaren 3an Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan egiten ari ziren langile-batzar bat desegiterakoan poliziak tiroz bost langile hil eta beste ehun zauritu zituenetik 42 urte bete dira gaur: Pedro Martinez Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda.

Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak eta ELA, ESK, LAB eta Steilas sindikatuek gaur arratsalderako deitutako manifestazioaren goiburua emakumeen kolektiboei utzi diete, mugimendu feministak martxoaren 8rako antolatutako mobilizazioak babesteko.

Horrez gain, Martxoak 3 Elkartea Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira jotzeko modua aztertzen ari da, Espainian genozidioa eta gizateriaren aurkako ustezko delituak egotzita Espainian abiatutako bide judicial guztiak agortu ostean. Izan ere, estatu espainiarreko justiziaren arabera, 1976ean indarrean zegoen legedian delitu horiek aurreikusita ez zeudenez, artxibatu egin dira salaketa guztiak. Horretarako, Arabako Foru Aldundiaren, Batzar Nagusien eta Gasteizko Udalaren babesa du.

EH Bilduk egindako ekitaldian eraildako langileen zenbait senidek hartu dute parte. Halaber, Miren Larrion ere izan da omenaldian. Koalizio abertzaleak Gasteizko Udalean duen bozeramaileak egia, justizia eta biktimak erreparatzea eskatu du, 42 urte geroago oraindik ez baita lortu.

Bestalde, Cristina Gonzalez sozialista arabarren idazkari nagusiak lore-sorta bat ipini du hildakoen ohorezko monolitoan, sarraskiaren eguneko langileen batzarrean izan ziren hainbat pertsonak lagunduta.

Gonzalezen iritziz, martxoaren 3ko biktimak langileen eskubideak defendatzeagatik hil ziren. Era berean, lan erreforma baliogabetu behar dela aldarrikatu du, pentsiodunen erosteko ahalmena errekuperatzea beharrezkoa dela berresteaz gain.

Azkenik, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek toki berean omendu dituzte biktimak.

Terrorismoaren biktimak

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak atzo iragarri zuenaren arabera, hirian egingo den Memoriarako Zentroak martxoaren 3ko biktimak ere aintzat hartzea eskatu zion Terrorismoaren Biktimak Oroitzeko Fundazioaren patronatuari.

Urtaranek prentsaurreko batean gogoratu zuenez, "biktima guztiek tratu bera" merezi dute. Proposamen hori Espainiako Gobernuari aurkeztearen alde agertu zen, fundazioaren patronatuaren hurrengo bileran. Gasteizko Udala patronatuaren kide da.

Sarraskiaren 42. urteurrena ospatzeko gaur hainbat ekitaldi egingo direla azaldu zuen alkateak: harrera ofiziala, besteak beste. Ondoren, "gizarteak gertatutakoa ez ahazteko" eta bost hildakoen eta zaurituen "duintasuna erreparatzeko" beharra ere azpimarratu zuen.

"Guztiok elkarbanatuko dugun memoria lana egiteko beharra" dagoela berretsiko du Urtaranek eskaeran, "martxoaren 3ko biktimak Terrorismoaren Biktimak Gogoratzeko Zentroan ere tokia izan dezaten".

"Beharrezkoa da Gasteizen espazio fisiko bat izatea, martxoaren 3an eraildako langileak ere biktima gisa aitortuko dituena, terrorismoaren biktimek duten tratu eta errekonozimendu berdina izan dezaten" gaineratu du. Hala, Gobernuak proposamenari jaramonik egingo ez balio, Gogora Institutuarekin batera sortuko dutela espazio hori argitu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala albisteak Politika Araba Gaurko azken orduko albistea