Politika -

Katalunia

Clara Ponsati baldintzapean aske utzi dute Eskozian

Generalitateko kontseilari ohia bere borondatez joan da goizean Edinburgoko komisaria batera.

Clara Ponsati Edinburgoko polizia-etxe batera joan aurretik. Argazkia: EFE
Clara Ponsati Edinburgoko polizia-etxe batera joan aurretik. Argazkia: EFE
Bere kontrako akusazioak jazarpen politikoa direla adierazi du Ponsatik

1:45

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eskoziako epaitegi batek baldintzapean aske utzi du Clara Ponsati Kataluniako Gobernuko Hezkuntza kontseilari kargugabetua, Espainiako Auzitegi Gorenak agindutako estradizioari buruzko erabaki bat hartu bitartean.

Ponsati bere borondatez joan da Edinburgoko komisaria batera goizean, astelehenean iragarri zuen bezala. Handik epailearen aurrera eraman dute, aurretiazko saioa egiteko.

Epaileak pasaportea kendu dio eta baldintzapean aske utzi du. Hurrengo saioa datorren apirilaren 12an egingo dute.

Ponsatik duela bost hilabete inguru egin zuen ihes Belgikara, Carles Puigdemont eta beste hiru kontseilari ohirekin batera. Joan den martxoaren 10ean, baina, Eskoziara joango zela iragarri zuen, Saint Andrews Unibertsitatean irakasle moduan jarduteko.

Aamer Anwar defentsako abokatuak kazetarien aurrean esan duenez, Ponsati estradizioaren kontra agertu da eta leporatzen dizkioten karguak "irmotasunez" ukatu ditu epailearen aurrean.

"Auzi honen atzean motibazio politikoa dagoela eta egia erabat desitxuratu dutela frogatzeko eskatu dit Clarak", erantsi du abokatuak.

Espainiako Auzitegi Gorenak matxinada eta diru publikoa bidegabe erabili izana egotzi dio Ponsatiri, 2017ko urriaren 1eko erreferenduma antolatzeagatik.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken ordukoa Kataluniako erreferenduma gaur Gaurko azken orduko albistea Kataluniako Hauteskundeak gaur