Politika -

Iruñean, apirilaren 14an

Nafarroako Gobernua Altsasuko atxilotuen aldeko manifestazioan egongo da

Erakundeak "proportzionaltasun printzipioaren errespetua aldarrikatzeko" parte hartuko du manifestazioan. Zortzi gazte auzipetuen aurkako epaiketa astelehenean hasiko da Auzitegi Nazionalean.

Joan den udako manifestazioa Iruñean. EiTBko bideo batetik ateratako artxiboko argazkia.
Joan den udako manifestazioa Iruñean.
Nafarroako Gobernua Altsasuko gazteen aldeko manifestazioan izango da

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernua Altsasuko zortzi gazte atxilotuen alde Iruñean, larunbatean, izango den manifestaziora joatea erabaki du; terrorismo delitu batengatik epaituak izango dira, guardia zibil birekin eta horien bikotekideekin herriko jaietan taberna batean izandako borroka bat dela eta.

Maria Solana Foru Gobernuko bozeramailea izango da manifestazioan; izan ere, Nafarroako Parlamentuak herritarrei "justizia" eskatzeko manifestazioan parte hartzera dei egiten zien asteleheneko erakunde adierazpena aintzat hartu du Nafarroako Gobernuak.

Solanaren hitzetan, Foru Gobernuak "proportzionaltasun printzipioaren errespetua aldarrikatzeko" parte hartuko du manifestazioan.

"Auzi horren inguruan pertsona, agente eta erakunde anitz hitz egiteaz gain, proportzionaltasunak 500 eguneko espetxe prebentiboarekin talka egiten" duela esan du Solanak.

Hori dela eta, Nafarroako Gobernuak "ahal duen neurrian berme-emaile" izateko asmoa daukala gaineratu du.

Manifestazioa "Altsasukoak Aske" Herri Plataformako eta atxilotuen senideek deitu dute, "Justizia. Ez da terrorismoa" lelopean.

Epaiketa datorren astelehenean hasiko da Auzitegi Nazionalean, eta zortzi gazte auzipetuek 375 urteko espetxe zigorrari egin beharko diote aurre.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Iruñea gaur Nafarroa Eguneko albisteak Altsasu albisteak Gazteak albisteak