Publizitatea
X

Irratia zuzenean

Altsasu auziko epaiketa Madrilen: Babes politikoa jaso dute akusatuek

Politika

Auzitegi Nazionala

Geroa Bai, EH Bildu eta Nafarroako Podemosen babesa jaso dute Altsasuko gazteek

Agentziak | Erredakzioa

2018/04/16

Hiru indar politikoetako ordezkariak Auzitegi Nazionalera joan dira. Epaiketa justua eskatu dute eta Altsasun gertatu zena terrorismoa izan ez zela azpimararatu dute.

  • Partekatu
  • Bidali

Iruzkinak

Ehunka pertsona bildu dira gaur Auzitegi Nazionalean 'Altsasuko auzian' prozesatutako zortzi gazteei babesa emateko. Hain justu, gaur hasi da epaiketa Auzitegiak San Fernando de Henaresen duen egoitzan.

Goizean goizetik Nafarroatik, EAEtik eta Estatuko hainbat lekutatik joandako pertsonak biltzen joan dira Auzitegiaren aurrean. Han izan dira, besteak beste, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteordea (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentaria, Eduardo Santos Nafarroako Ahal Duguko idazkari nagusia edo Iñaki Benal Izquierda-Ezkerrako kidea.

Unai Hualde (Geroa Bai) Nafarroako Parlamentuko presidenteordeak nabarmendu duenez, "Nafarroako gehiengo sozial eta politikoaren" izenean joan dira Madrilera, eta gogorarazi du "50.000 pertsona bildu ziren Iruñean justizia eta proportzionaltasuna eskatzeko".

"Lesio delituak egotzita, beste leku batzuetan isun sinple batekin zigortu diren ekintzak Altsasun, Nafarroan gertatzeagatik, terrorismoa egotzita 50-62 urte arteko kartzela zigorra eskatzea".

Salatu duenez, "zortzi gazteetatik hiruk 500 egun daramatzate preso, beste leku batzuetan isun edo kalte-ordainekin zigortzen diren ekintza batzuengatik". Geroa Baiko ordezkariak "justizia eta proportzionaltasuna" eskatzen dutela azpimarratu du.

Hualderen esanetan, "Europa epaiketa honi begira dago; Nafarroako erakundeek, Foru Parlamentuak eta Gobernuak Europako Batzordera jo dute giza eskubideen Europa Gutunak aitortzen duen proportzionaltasun printzipioa urratzen ari dela uste dutelako".

"Europako Batzordeko presidenteordeak esan zuen epaiketa honetan gertatzen dena gertutik jarraituko duela, eta uste dugu garrantzitsua dela Espainiako Estatuak ezin duelako justizia botere gehiegikeriarako erabiltzen jarraitu", erantsi du.

 

 

Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentariak adierazi duenez, "argi dago hori ez dela terrorismoa, erabat bidegabea da, eta sen ona duen edonori ez zaio buruan sartzen nola egon daitezkeen hiru gazte 500 egun kartzelan taberna batean jazotako liskar bategatik".

Ruizen hitzetan, "ez da kasualitatea hori Euskal Herrian gertatzea, Nafarroan. Ezin dute mendekuz egindako justizia aplikatu; justizia eta sen ona baino ez dugu eskatzen".

 

 

"Elkarrekin Podemosek hasieratik gaitzetsi zuen erasoa, indarkeriazko ekintzak ezin direlako babestu, baina kasu honetan, terrorismoaren kontzeptua hutsaldu dute, eta aparteko neurriak ezarri dituzte badaezpadako kartzelaldia aplikatuta eta auzia Madrilen epaituta", adierazi du Eduardo Santos Nafarroako Ahal Duguko idazkari nagusiak.

Santosen aburuz, "Alderdi Popularrak eta PSOEk adostutako Zigor Kodearen erreformaren ondorioz gertatzen ari da hau guztia, terrorismoaren kontzeptua hutsaldu dute, eta ondorioz, edozer gauza izan daiteke terrorismo".

Horren aurrean, "epaiketa justu bat" eskatu du Podemoseko kideak.

 

 

Hiru akusatu, badaezpadako kartzelaldian

Zortzi akusatuetatik hiru —Oihan Arnanz, Jokin Unamuno eta Adur Ramirez de Alda— furgoi batean sartu dira, badaezpadako kartzelaldian daudelako. Gainerakoak oinez sartu dira Auzitegira, txalo eta babes oihu artean.

Zortzi gazteontzat 12-62 urteko kartzela zigorrak eskatu dute, 2016ko urriaren 15ean Altsasuko taberna batean jazotako liskar bategatik. Guardia Zibileko teniente eta sarjentu bat eta euren bikotekideak zauritu ziren borroka horretan. Fiskaltzak terrorismo delitua egotzi die zortziei.

 

 

 

Iruzkinak

Publizitatea
Publizitatea
NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN
Erreportajeak Aktualitateari buruzko elkarrizketak. Erreportajeak
Publizitatea
Publizitatea

Bisitatuena

    Kargatzen ikusiena
        Kargatzen ikusiena