Politika -

'Altsasu auzia'ren epaiketa

Lekukoetako baten arabera, akusatuetako batzuk 'ez lirateke hemen egon behar'

Auzipetutako batzuen laguna da, baita Maria Jose tenientearen bikotekidearena ere. Azaldu duenez, taberna barruan 'bultzadak' baino ez zituen ikusi, eta kanpoan, 'ostikadak'. Ez du inor identifikatu.

Gaur deklaratu duen lekukoetako bat. Auzitegi Nazionaleko seinaletik hartutako irudia
Lekuko bat. Argazkia: ETB
Defentsaren lekukoen txanda izan da gaur Altsasuko gazteen epaiketan

1:27

E.G | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Defentsak deitutako lekuko batek 2016ko urriaren 15ean Altsasun gertatutako "jazoera" ikusi zuela esan du gaur Auzitegi Nazionalean. Esan duenez,  auzipetutako gazte batzuen laguna da—Julen Goikoetxea, Oihan Arnanz eta Jon Ander Cob— baina baita Maria Jose Guardia zibilaren tenientearen bikotekidearena ere. Lekuko horren ustez, akusatutakoetako batzuk "ez lirateke hemen egon behar".

Adierazi duenez, Koxka tabernaren barruan hainbat pertsona ikusi zituen guardia zibilak eta euren bikotekideak "bultzatzen", eta Maria Jose laguna zuenez, "babesten" saiatu zen. "Kanpoan gertatu zen dena", erantsi du. Horren hitzetan, taberna kanpoan jendea ikusi zuen tenienteari "ostikoak bizkarrean ematen", baina ez zela "ukabilik" izan. Lekuko horren arabera, inork ez zuen sarjentua eta haren neska-laguna jo. Ez da erasotzaileak identifikatzeko gauza izan.

Lekukoak azaldu duenez, gau hartan herriko futbol taldearekin afaria izan zuen, eta ondoren Koxka tabernara joan ziren, bertan 05:30 arte egon zen. Halako batean, guardia zibilen inguruan “istiluak” ikusi zituen. Oihan ikusi eta komunetik eraman eta aldentzea erabaki zuen, “borrokan ez sartzeko”. Ondoren, Maria Joserengana jo zuen, “oso urduri” aurkitu zuen.

Bere bertsioaren arabera, zenbait pertsonak Maria Joseri bultzakadak ematen hasi ziren, baita tenienteari, sarjentuari eta haren bikotekideari ere. Bera “babesten” saiatu zen, sorbalda babestuz eta bertatik ateraz. Jendeak “bultzaka” tabernatik atera zituen. Pertsona horiek identifikatzeko gai ez dela erantsi du: “oso ilun zegoen eta edan egin nuen”. Tabernatik kanpo, non “dena gertatu zen”, tenientea lurrean ikusi zuen eta “kolpe gehiago saihesten” saiatu zen. “Jendea korrikan pasatzen zen, ostikada bat eman eta ospa egiten zuten”, azaldu du.

Ukabilkadarik ikusi ez zuela erantzun du, defentsaren galderen aurrean, “sorbaldan ostikoak soilik”. Norbait identifikatzeko kapaz izango balitz galdetu diotenean, jende ezezaguna zegoela adierazi du, “Altsasukoak ez zirela uste dut”, eta “kaputxadunak zeuden, aurpegia estalirik”.

“Hemen egon beharko ez litzatekeen jendea sartu dute” auzian, lekukoaren arabera, besteak beste, Jon Ander Cob. Lekukoaren ahotan, ez zen Koxkan izan, eta istilua gertatu ondoren heltzen ikusi zuen.

Gertatutakoaren ostean Maria Joserekin izan zuen harremana zehazteko eskatu diotenean, hurrengo goizean mezu bat bidali ziola esan du, zer moduz zegoen galdetzeko. Ez du elkarrizketa hura gogoratzen. Orduz geroztik, ez du berriro ikusi.

Epaiketan parte hartu nahi ez zuela gogorarazi du gazteak, baina Oihan Arnanzen gurasoek eskatu zioten. Lekukoaren esanetan, ez du beldurrik ezta kezkarik ere, baina “presionaturik” sentitu dela onartu du.

Lekuko horrekin batera, honakoek deklaratu dute, defentsak deituta: auzipetutako gazteen lau lagun edo ezagunek, Koxka tabernako beste zerbitzariak, guardia zibil batek. Nafarroako Polizia Judizialeko agente batek ere hartu du hitza.

Gainerako lekukoen deklarazioa

Erasorik ikusi ez zutela adierazi dute gainerako lekukoek (akusatuen lagunak edo ezagunak). Lekuko batek “eztabaida bat” ikusi zuela aitortu du, baina garrantzi handirik eman ez ziola erantsi du.

Guardia zibilei erakutsi zizkieten argazki berdinak erakutsi dizkiete lekuko guztiei. Lekukoek ez dute inor gehiago identifikatu, akusatuez gain.

Akusatuei babesa adierazteko manifestazioetan edo elkarretaratzeetan parte hartu ote duten galdetu diete akusazioko abokatuek. Era berean, “Ospak deitutako ekitaldietan” parte hartu duten galdetu diete.

Cristina Koxka tabernako bigarren zerbitzariak ere deklaratu du. “Borrokarik” ikusi ez zuela errepikatu du.

"Taldeko identifikazio-saioan erabilitako argazkiak Informazio Zerbitzuak bidali zituen"

Bestalde, tenienteari, sarjentuari eta haien bikotekideei egin zitzaien taldeko lehen identifikazio-saioa prestatu zuen guardia zibilak Auzitegi Nazionaleko epaiketan ziurtatu duenez, “susmagarrien argazkiak Informazio Zerbitzuak bidali zituen”.

 

Taldeko lehen identifikazio-saioa prestatu eta egin zuen guardia zibilak polizia-etxean eta ospitalean, urriaren 15ean.

Larunbat arratsaldean guardia zibilei eta haien bikotekideei deklarazioa hartu zien Nafarroako Polizia Judizialaren agenteak azaldu duenez, “tentsio handia” zen, eta erasotzaileak “beraien bila” joan zirela esan zuten laurek.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Nafarroa Epaiketak bideoak Albisteak Gaur Albisteak Altsasu Gazteak