Politika -

ETAren amaiera

Zoido: 'ETAk ez du lortuko legean jasota ez dagoen ezer'

Desagerpena "terroristen deslegitimazioarekin batera" etorri behar dela uste du Barne ministroak. "Ez da zigorgabetasunik egongo", esan du.

Juan Ignacio Zoido / EFE.
Juan Ignacio Zoido / EFE.
Juan Ignacio Zoido / EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Ignacio Zoido Barne ministroaren arabera, ETAk "ez du lortuko legean jasota ez dagoen ezer", eta "benetako eta erabateko desagerpena terroristen deslegitimazioarekin batera" etorri behar da.

"Ez zuen ezer lortu hiltzeari utzi zionean, polizialki eta sozialki garaitua izan zenean, eta desagertzen denean ez du lortuko legean jaso gabeko ezer. Terrorismoaren aurrean, legea eta Zuzenbide Estatua besterik ez da aplikatu behar, lehenago, geroago eta beti", esan du El Mundo egunkariko artikulu batean.

ETAren berehalako desagerpena gizartearen, segurtasun indarren, epaileen, fiskalen, nazioarteko lankidetzaren eta biktimen "lorpen komuna" izan dela esan du ministroak.

"Siglak desagertu daitezke, baina horrek ez du biktimei eragindako ikaragarrizko mina ezabatuko ezta, jakina, hiltzaileen erantzunkizun penala ere. Legea bete eta betearaziko dugu. Beti bezala eta betiko. Ez da zigorgabetasunik egongo, ezin delako egon eta ez lukeelako egon behar", esan du.

Bestalde, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiaren hitzetan, ETAren desegitea "hildakoentzat, bahituentzat, estortsioa eta jazarpena pairatutakoentzat berandu heldu da".

Mendiaren ustez, sozialistentzat "garrantzitsuena" taldea "behin betikoz desagertzea da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Presoak ETA Bakea Euskadin