Publizitatea
X

Irratia zuzenean

Gure Esku Dago: Herri galdeketak, erabakitzeko eskubideaz, 2018ko maiatzak 6

Politika

Gure Esku Dago

Erabakitzeko eskubideaz galdeketak egiten ari dira 22 udalerritan

EITB.EUS

2018/05/06

Araba, Bizkaia eta Nafarroako 23 herritan atera dituzte hautestontziak kalera. Gaurkoekin, 203 izango dira etorkizun politikoaren inguruan kontsultak egin dituzten herriak Euskal Herri osoan.

1:17
  • Whatsapp
  • Bidali

Araba, Bizkaia eta Nafarroako 22 udalerritako ia 93.000 lagunek izango dute aukera igande honetan erabakitzeko eskubideari buruz Gure Esku Dago plataformak antolatutako galdeketetan parte hartzeko.

Araban, Aiaran, Amurrion, Artziniegan, Laudion, Okondon, Zigoitian eta Zuian izango dira galdeketak. Bizkaian, Arakaldon, Igorren, Portugaleten, Lezaman, Zamudion, Gordexolan eta Gueñesen. Eta Nafarroan, Deierrin, Lezaunen, Donamarian, Donezteben, Elgorriagan, Iturenen, Legasan eta Zubietan.

Gure Esku Dagok iragarri duenez, Laudioko galdeketan Juan Jose Ibarretxe lehendakariak hartuko du parte. 09:30 aldera emango du botoa.

Herriaren arabera galderak ezberdinak dira, baina guztiek erabakitzeko eskubidea dute oinarrian: "Zure etorkizuna askatasunez erabaki nahi duzu? Euskal Herri soberano bateko herritarra izan nahi duzu? Euskal Estatu bateko herritarra izan nahi duzu? Erabakitzeko eskubidea gauzatu nahi duzu?"

Hauteslekuak 09:00etan ireki  dituzte, eta 20:00ak arte egongo dira zabalik. Ordu horretan Zelai Nikolas Gure Esku Dago plataformako bozeramaileak agerraldia egingo du Portugaleten emaitzei buruzko balorazio orokorra egiteko.

Emaitza guztiak Gure Esku Dagoren webgunean egongo dira eskuragarri. Datuak 12:30ean, 15:00etan, 17:00etan eta 20:15ean eguneratuko dituzte. Behin betiko emaitzak 22:00ak aldera argitaratuko dituzte.

Gaurko eguna amaitzen denean, 203 izango dira etorkizun politikoaren inguruan galdeketak egin dituzten herriak. Hurrengo olatua azaroaren 18an izango da, eta hiriburu bat hartuko du, lehen aldiz: Donostia.

Zuian Gure Esku Dagoren kartelak kendu dituzte

Bestalde, Administrazioarekiko auzietarako Gasteizko hirugarren epaitegiko epaileak Zuiako Udaletxeko hormetan jarritako Gure Esku Dagoren kartelak kentzeko agindua eman du.

Estatuko Abokatuak jarritako salaketa aztertu bitartean, behin-behineko neurri hori hartzea erabaki du epaileak, galdeketa igande honetan delako eta auzia argitzeko denbora gehiago beharko duelako.

Halaber, epaileak zehaztu du horrek ez duela esan nahi ebazpena Estatuaren Abokatuaren aldekoa izango denik.

Nolanahi ere, epaileak uste du galdeketa horrek ez duela Udalarekin inolako loturarik eta ez dela bere eskumena, eta galdeketaren aldeko kartelak udaletxeko horman jarrita, Udala kontsulta horren alde dagoela uler daitekeela iritzi dio.

Hori dela eta, kartelak kentzeko agindua eman du, auzia argitu bitartean.

Iruzkinak

Publizitatea
Publizitatea
NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN
Erreportajeak Aktualitateari buruzko elkarrizketak. Erreportajeak
Publizitatea
Publizitatea

Bisitatuena

    Kargatzen ikusiena
        Kargatzen ikusiena