Publizitatea
X

Irratia zuzenean

Urkullu lehendakariaren adierazpenak erabakitzeko eskubideaz 2018ko maiatzean

Politika

Iñigo Urkullu

'Ez dezagun erabakitzeko eskubidea autogobernua hobetzeko aukera zapuzteko erabili'

Agentzia | Erredakzioa

2018/05/11

Lehendakariak azpimarratu du kontzeptuak ez duela berez 'zentzu makurrik' eta horrela ez erabiltzeko eskatu du.

1:26
  • Whatsapp
  • Bidali

Iñigo Urkullu lehendakariak erabakitzeko eskubidea "autogobernua hobetzeko dugun aukera zapuzteko" ez erabiltzea eskatu du gaur Eusko Legebiltzarreko Kontrolerako saioan.

Gai horren inguruan galdera bana egin diote Maddalen Iriartek (EH Bildu) eta Alfonso Alonsok (PP).

Lehendakariaren hitzetan, erabakitzeko eskubideak ez du "berez zentzu makurrik", eta beste erabilerarik ez emateko eskatu du. Horren ildoan, galdera bota dio Iriarteri: "Uste duzu lagungarria, mesedegarria izan dela ETAk bere azken agirian erabakitzeko eskubideaz hitz egitea?".

"Nire helburua da kontzeptu hori euskal autogobernuaren hobetzearen eta areagotzearen alde erabiltzea, behar dugun adostasunaren alde, eta ez erabiltzea aurrera egiteko dugun aukera zapuzteko", esan du Autogobernuaren Lantaldearen harira.

Urkulluk uste du Lantalde horretan "ahalik eta akordio zabalena" bilatu behar dela, "nazio identitate ezberdinak aintzat hartuta eta proposamen bideragarri eta legezkoa lortzeko". Gero, euskal gizarteak erreferendumean berretsi beharko lukeela azaldu du.

Defendatzen duen eredua Estatuarekin "adostua eta legezkoa" den erreforma bat egitea dela argitu du. Horretarako, baina, "euskal gizarteak eskatutako lege doikuntzak" egiteko deia egin dio Estatuari: "aldebakartasuna bazter utzi behar du", erantsi du.

Lehendakariaren aburuz, "gure betebeharra indarrak batzea da, legea errespetatzeak ezin ditu euskal gizarteak libreki eta demokratikoki erabakitzeko duen eskubidea urratu".

EH Bilduren eta PPren erantzuna

Maddalen Iriarte EH Bilduk Legebiltzarrean duen bozeramaileak uste du Urkulluk EAJren hauteskunde programari "osoko zuzenketa" egin diola: "Badirudi erabakitzeko eskubidearen karikatura bat-edo ekarri nahi diguzula".

Alfonso Alonso ere oso kritiko azaldu da, eta gogorarazi du Urkulluren Gobernuak "egonkortasuna" duela, hein batean Alderdi Popularrari esker (aurrekontuak onartzeko euren botoak eduki zituen Jaurlaritzak). "Autodeterminazio eskubidea proposatzea hodei beltza da", Alonsoren ustez.

 

Iruzkinak

Publizitatea
Publizitatea
NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN
Erreportajeak Aktualitateari buruzko elkarrizketak. Erreportajeak
Publizitatea
Publizitatea

Bisitatuena

    Kargatzen ikusiena
        Kargatzen ikusiena