Publizitatea
X

Irratia zuzenean

Comin, Puig eta Serret Espainiaratzeko euroaginduak atzera bota ditu Belgikak

Politika

KATALUNIA

Comin, Puig eta Serret Espainiaratzeko euroagindua atzera bota du Belgikak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

2018/05/16

'Forma akatsak' ikusi ditu Fiskaltzak Espainiak igorritako euroaginduan, eta epaileak bertan behera utzi du eskaria.

  • Whatsapp
  • Bidali

Toni Comin, Meritxell Serret eta Lluis Puig Belgikan dauden Kataluniako kontseilari ohiak Espainiaratzeko euroagindua atzera bota du Belgikako Justiziak, "forma akatsak" argudiatuta.

Gaur deklaratu dute hiru kontseilariok euroagindua aztertzen ari den instrukzioko epailearen aurrean. Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak igorri zion agindua Belgikari. Fiskaltzak forma akats larriak ikusi dizkio Llarenaren eskariari, eta epaileak arrazoia eman dio.

Epailearen aurreko agerraldiaren ondoren, hedabideen aurrean hitz egin dute Cominek, Serretek eta Puigek, euren abokatuek lagunduta, eta epailearen erabakiaren berri eman dute.

"Pozik" agertu dira, euroagindua bertan behera geratu delako. "Guk esandakoa berretsi du epaileak. Euroagindua ez da zuzena. Hori dela eta, gustura gaude, eta hemendik mezu eraikitzaile bat igorri nahi diegu Espainiako Gobernuari eta Auzitegi Gorenari. Argi geratu da bide honek ez duela funtzionatu. Eztabaida politiko bat judizializatzeak eragin du egoera hau", esan du Cominek.

Akatsak, 'forman' eta 'muinean'

Abokatuek ezaldu dutenez, euroaginduaren "forman" eta "muinean" ikusi ditu akatsak Belgikako Fiskaltzak.

Jaume Alonso-Cuevillas letratuaren arabera, 'Bob Dogi' auziko sententziak aurrekaria ezarri zuen Europan, eta horren arabera, argi zegoen "Espainiak igorritako eskaria irregularra" zela.  "Europa mailako atxilotze agindu bat bideratu ahal izateko, agindu horrek nazio mailako agindu baten babesa izan behar du", argitu du abokatuak.

Larenak erretiratu egin zuen lehendabiziko euroagindua, lau kontseilari ohi (Comin, Serret, Puig eta Clara Ponsati) eta Carles Puigdemont presidentea "Espainian atxilotzeko" eskaria jasotzen zuena.  Cuevillasen hitzetan, behin hori erretiratuta, "indargabetuta geratu zen Espainiaren atxilotze agindua".  "Hasieratik ikusi genuen hori, eta bigarren euroagindua iritsi orduko, Belgikako Fiskaltza jakinaren gainean jarri genuen", gaineratu du.

Fikaltzaren arabera, ez datoz bat bigarren euroaginduan agertzen diren delituak eta Espainiako atxiloketa aginduan agertzen direnak. Forma akatsa da, baina kontseilarien esanetan, agerian uzten du sakoneko arazoa: "Espainiako justizia abusatzen ari da zigor kodearen erabileraz", esan du Cominek.

Puigdemonten egoera Alemanian "teknikoki" berbera dela esan du abokatuak, baina ez du ezer aurreratu nahi izan, "estatu bakoitzak bere ordenamendu juridikoa duelako".

Joan den apirilaren 18an, Serret, Comin eta Puig kontseilari kargugabetuen estradizio eskaerak aztertu dituen Belgikako Lehen Auzialdiko Epaitegiak informazio gehigarria eskatu zion Espainiari.

Iruzkinak

Publizitatea
Publizitatea
NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN
Erreportajeak Aktualitateari buruzko elkarrizketak. Erreportajeak
Publizitatea
Publizitatea

Bisitatuena

    Kargatzen ikusiena
        Kargatzen ikusiena