Politika -

Berrenoratze planari buruz

EAEko Auzitegi Nagusiak legezko jo du Basauriko Udalak antolatutako herri kontsulta

Galdeketa Estatuaren baimenik gabe antolatu zelako helegitea aurkeztu zuen Estatuko Abokatutzak, eta epaitegi batek bertan behera utzi zuen. Auzitegiak arrazoia eman dio orain Udalari.

2017ko abenduan egin zuten galdeketa Basaurin. Argazkia: EiTB
Basauriko herri galdeketa. Foto: EiTB
2017ko abenduan egin zuten galdeketa Basaurin. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio Basauriko Udalari eta legezko jo du tokiko erakundeak Pozokoetxe, Bidebidea eta San Fausto berrenoratzeko planaren inguruan 2016ko uztailean antolatutako herri galdeketa. Kontsultak Estatuaren baimenik ez zuela argudiatuta, auzitara jo zuen Estatuko Abokatutzak eta epaitegi batek bertan behera utzi zuen. EAEko Auzitegi Nagusiaren arabera, ordea, zenbaitetan legezko da herri kontsultak Espainiako Gobernuaren baimenik gabe antolatzea.

Andoni Busquet Basauriko alkateak pozez hartu du epaia, "gai garrantzitsu baten inguruan udalak duen autonomia indartzen" duela iritzita.

EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia ez da irmoa eta kasazio helegitea aurkez dezake Estatuak.

Epaitegiak Tokiko Erakundeen Legearen 82. artikulua aipatu du bere erabakiaren oinarri. Artikulu horren arabera, herri kontsulta batzuek ez dute Ministroen Kontseiluaren baimenik behar: auzotarren komunitatearen zati jakin batean "aparteko eragina" duten auziek ez dute baimen hori behar; komunitate osoari eragiten diotenek, ordea, bai.

Herritarrek San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxe berrenoratzeko hirigintza-planaz zuten iritzia galdetzea erabaki zuen Basauriko Udalak 2016ko uztailean. Galdeketa deitzeko Espainiako Gobernuaren baimenik ez zuela iritzita, helegitea aurkeztu zuen Estatuko Abokatutzak, eta epaitegi batek behin-behinenean baliogabetu zuen. Udalak deialdia bertan behera utzi zuen.

Ondoren, kontsulta antolatzeko baimena eskatu zion Espainiako Gobernuari, eta behin lortuta, berriro deitu zuen galdeketa. 2017ko abenduan bozkatu zuten basauriarrek.

"Beti esan dugu baliogabetu zuten kontsulta hura legearen araberakoa zela, horregatik erabaki genuen auziarekin aurrera jarraitzea", adierazi du orain Andoni Busquet alkateak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Basauri Bizkaia Eguneko albisteak Albisteak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak