Politika -

Katalunia

155a luzatzeko eskatu dio Riverak Rajoyri, baina gobernuburuak ez du onartu

Kataluniako Gobernuaren finantzak, Mossoak eta TV3 kontrolatzea eskatu dio Ciudadanoseko buzuragiak Rajoyri.

Rajoyren eta Riveraren arteko bilera, Moncloan

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Saiatu den arren, Albert Rivera Ciudadanoseko buruzagiak ez du Mariano Rajoy Espainiako gobernuburua konbentzitu. Katalunian Konstituzioaren 155. artikulua luzatzearen alde azaldu da alderdi laranjako presidentea Rajoyrekin Moncloa jauregian egin duen bileran. Gobernuburua, ordea, ez omen da iritzi berekoa.

Riveraren aburuz, Espainiako Gobernua ezin da Kataluniatik "korrika" atera legea beteko dela "ziurtatu barik".

Ordubetez egon dira bilduta bi buruzagiak Moncloa jauregian. Bileran eskakizun nagusi bat egin dio Ciudadanoseko buruak Rajoyri: 155a luzatzea. Zehatz jarrita, Generalitateko finantzak, Mossoak eta TV3a kontrolatzea galdegin dio.

Batzarraren ondotik eskainitako prentsaurrekoan azaldu duenez, Generalitatearen kontuak "modu eraginkorrean kontrolatu" behar dira, Likideziaren Funts Autonomikoarekin (FLA, gaztelerazko sigletan) "nahikoa ez" delako. Horrez gain, Esquadra Mossoak "Konstituzioa eta Zuzenbide Estatua beteko duen" polizia buruzagitza baten menpe daudela ziurtatzeko indar polizial horren kontrola ere galdegin du. Azkenik, hedabide publikoen, TV3rena, "kontrol eta gainbegiratzea" aldarrikatu du.

"155a luzatzea eskatzen dugu. Berehala egin daitekeela uste dugu Espainiako Gobernuaren proposamenarekin eta Senatuaren adierazpen batekin", esan du Riverak. Horren hitzetan, "onak Legea betetzen dutenak dira, eta txarrak entzungor egiten diotenak. Maltzurrek jakin behar dute ez dela inpunitaterik egongo".

Ciudadanoseko buruzagiak "arrazista" deitu dio Torrari, espainiarrak "gorroto" dituelako.

Azpimarratu duenez, "ez da luzamendutan ibiltzeko edo beste leku batera begiratzeko garaia. Ekiteko unea da". Hori horrela, Rajoyk 155a luzatzea erabakitzen badu, "Ciudadanosen erabateko babesa" izango duela gogorarazi du.

Aurreratu dutenez, Parlamentura joaten ez diren diputatuei soldata kentzeko eskaera egingo du.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Mariano Rajoy Eguneko albisteak Albisteak Albert Rivera