Publizitatea
X

Irratia zuzenean

Guardia Zibilak 50 preso ohiren ondasunak konfiskatu ditu, 2018ko maiatzak 17

Politika

Polizia-operazioa

Guardia Zibilak 50 preso ohiren ondasunak konfiskatu ditu

Agentziak | Erredakzioa

2018/05/17

Auzitegi Nazionalak aginduta, 50 bat preso ohiren kontu korronteak, ondasunak eta ibilgailuak atzeman dituzte, biktimei 8 milioi euro inguruko kalte-ordainak emateko.

  • Whatsapp
  • Bidali

Terrorismoa egotzita kondenatutako 50 pertsona baino gehiagoren ondasun higigarri eta higiezin askotan esku hartzeko operazioa abiatu dute Guardia Zibilak eta Auzitegi Nazionalak, Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez. Guztira, zortzi miloi euroko zorrari aurre egin behar diote akusatuok.

Barne Ministerioak zabaldutako informazioaren arabera, atentatuengatik zein kale borrokagatik kondenatutakoak dira guztiak, eta Estatuarekin, erantzukizun zibil gisa, oraindik ere kitatu ez dituzten zorrei aurre egin behar diete.

Espainiako Barne Ministerioak adierazi duenez, 50 horien artetik "gutxienez hamar ETAko kideak dira" eta besteak —40 baino gehiago— kale erasoekin lotuta daude —ETAk diseinatutako estrategiaren baitan kokatzen ditu eraso horiek—.

Guardia Zibilak azken urtean "Zerga" operazioaren baitan egindako ikerketaren arabera, hainbat preso ohik ez dituzte kalte ordainak kitatu, baina ondasunen jabe dira edo jarduera ekonomiko eta laboralak dituzte.

Ondorioz, 45 kontu korronte blokeatu eta bahitu dituzte. Halaber, 30 bat akusaturen soldatak ikertu eta lanbide arteko gutxieneko soldata gainditzen duen gainerakoa atxikitzeko agindua eman dute.

Garraiobideen harira, Guardia Zibilak lau ibilgailu erretiratu ditu; horien artean, autokarabana bat. EFEk zabaldutako informazioaren arabera, Guardia Zibilak atzemandako autoetako bat Roberto Vecino euskal preso ohiarena da eta Barakaldon zegoen. Horrez gain, preso ohi batena den furgoneta bat ere atzeman dute Salburuan (Gasteiz).

Halaber, Guardia Zibilak 14 ondasun higiezin identifikatu ditu. Hala ere, akusatuen merkataritza lokalei eta garajeei ere eragiten die operazioak.

Hori dela eta, ikertuek ezingo dituzte ondasunok saldu zorra kitatu arte. Ikertuen ondasun higiezinak Gipuzkoan, Bizkaian, Araban, Nafarroan eta Errioxan daude.

ETAren amaieraren ostean, "terroristen zorra zeinahi ere izan (ekonomikoak barne), hori ordaindu dezaten lanean jarraituko dutela" esan du Espainiako Barne Ministerioak.

Sortu: "Espainiako Gobernuak ETAren amaierari eman dion erantzuna da"

Arkaitz Rodriguez Sortuk idazkari nagusiaren esanetan, Guardia Zibilak gaur egindako operazioa "Espainiako Gobernuak ETAren amaierari emandako erantzuna da".

"Espainiako Gobernuak euskal gizartea iraganean mantendu nahi du, euskal gizarteak aurrera begiratu nahi duenean. Espainiako Gobernuak gerran jarraitu nahi du, euskal gizartea bakea bilatzen ari denean", kritikatu du.

Halaber, Rodriguezek gogoratu du duela hamar urte ezker abertzaleko zenbait buruzagi –tartean bera-  atxilotu egin zituztela, estrategia aldaketa bultzatzen saiatzen ari zirenean.

"Estrategia aldaketa geldiarazten saiatu ziren; gero ETAren armagabetzea saihesten ahalegindu ziren; eta azken urnera arte, ETAren betirako desegitea oztopatzen saiatu dira, eta horren erakusgarri da Espainiako Gobernuak Suitzako Gobernuari egindako presioak, Genevako ekitaldia burutu ez zedin", salatu du.

Horrez gain, "bakearen kontrako erasoen testuinguruan" kokatu du duela egun batzuk Hernanin biktimen eta PSE-EEko karguen kontra egindako pintaketak. Rodriguezen iritzian, "gerra zikinaren ekintza izan da".

Sarek salatu du mendekua eta giza eskubideen urraketa mantentzen direla

Sare dinamika herritarrak "mendekuan oinarritutako eta giza eskubideen aurkakoa den jarrera eta ekintza hau" gogor salatu ditu.

Halaber, dei egiten dio jendarte osoari ireki berri den "garai berri hau aprobetxatu eta elkarbizitza eta bakearen eraikuntzan" parte aktibo izatera.

Dinamikaren arabera, "Zerga" polizia operazioak erakusten du Espainiako Estatuak "konfrontazio eta sufrimendu egoera mantentzearen aldeko apustua garbia egiten duela".

"Ezer aldatu ez bailitzan, iraganari begira jarraitzen du Estatu espainiarrak, euskal jendarte osoari bizkar emanaz, Euskal Herrian batutako iritzi politiko eta sindikalaren gehiengoaren aurka, mendekuaren eta gorrotoaren politikak aplikatzen jarraitzearen alde egin du", gaineratu du.

Salatu duenez, maiatzaren 4ko deklarazioaren ondotik, "garai berri bat ireki da Euskal Herrian elkarbizitzan eta bakean bizi ahal izateko", baina Estatuak iraganeko teknikekin erantzun dio, "inmobilismoan, sufrimenduan eta errepresioan sakonduz".

Iruzkinak

Publizitatea
Publizitatea
NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN
Erreportajeak Aktualitateari buruzko elkarrizketak. Erreportajeak
Publizitatea
Publizitatea

Bisitatuena

    Kargatzen ikusiena
        Kargatzen ikusiena