Politika -

Sortu

Hildako ETAko kideen senideek 'sufrimendurik gabeko etorkizuna' aldarrikatu dute

Halber, ezker abertzaleak larunbat honetan Bilbon egingo duen ekitaldian parte hartzeko deia egin dute, "gure senitartekoen ametsak eta ilusioak berriro amesteko".

Hildako ETAko kideen senideak. Argazkia: Sortu
Hildako ETAko kideen senideak. Argazkia: Sortu
Hildako ETAko kideen senideak. Argazkia: Sortu

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hildako hainbat ETAko kideren senideek agerraldia egin dute Bilbon, aro politiko berriari bultzada emateko prest daudela adierazteko, "herri honetan inork gehiago sufrituko ez duen etorkizuna lortzeko". Iraganean gertatukoa ahaztu behar ez dela, baina "aurrera" egin behar dela erantsi dute.

Aitziber Ibaibarriagak eta Maite Reyk hartu dute hitza Sorturen Bilboko egoitzan egindako agerraldian. Ibaibarriaga Guardia Zibilak 1968an tiroz hildako Txabi Etxeberrieta ETAko kidearen biloba da eta Rey, joan den martxoan Cadizeko espetxean hil zen Xabier Rey presoaren arreba.

Aro berri honetan mina osatu eta pertsona guztien eskubide guztiak errespetatuko direnaren itxaropena agertu dute. "Ez dugu sufrimenduaren aldarririk egin nahi, ezta minaren jabe bakarrak gu garela erakutsi nahi ere". Alabaina, isilik gelditzeko asmorik ez dutela azpimarratu dute: "Argi eta garbi esan behar dugu guk ere sufritu dugula, orain ere sufriarazi egiten digutela eta sufrimendu hori isilarazi egin nahi dutela".

Azken hamarkadetan sufrimendu asko izan dela eta sufrimendu hori aitortzen ez dena mina areagotu egiten dela nabarmendu dute. "Oraindik zauri asko dago ixteko eta guk sufrimendurik gabeko etorkizuna nahi dugu hurrengo belaunaldientzat", gaineratu dute.

Ildo horretan, egun heriotza gehiago ez gertatzeko bermerik ez dagoela ohartarazi dute. Xabier Rey "Euskal Herriko gatazka politikoaren azken hildakoa" izatea espero dutela esan dute. "Guk gure esku dagoen guztia egingo dugu hala izan dadin, erantsi dute.

Amaitzeko, ezker abertzaleak larunbat honetan Bilbon egingo duen ekitaldi politikoan parte hartzeko deia egin dute, "gure senitartekoen ametsak eta ilusioak berriro amesteko".

"Euskal estatu librea, justua eta dezentea. Horixe merezi dute eta guk hori merezi eta behar dugulako. Etorkizun hobea merezi dugu", azpimarratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Sortu Presoak ETA Albisteak Bakea Euskadin