Politika -

POLIZIA OPERAZIOA

Eduardo Zaplana atxilotu dute, zerga iruzurra eta dirua zuritzea leporatuta

Gainera, beste bost pertsona ere atxilotu dituzte. Guardia Zibilaren operazioak zabalik jarraitzen du eta atxiloketa gehiago izatea aurreikusten da. PPk Zaplana alderditik kaleratu du.

Eduardo Zaplana. Artxiboko argazkia: Agentziak
Eduardo Zaplana. Artxiboko argazkia: Agentziak
Eduardo Zaplana atxilotu dute, zerga iruzurra eta dirua zuritzea leporatuta

1:33

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak Eduardo Zaplana atxilotu du, Valentziako Generalitateko presidente ohi eta Jose Maria Aznarren garaian Espainiako Lan ministro izan zena, zerga iruzurra eta dirua zuritzea leporatuta, ikerketako iturriek jakinarazi dutenez.

Goizeko bederatziak aldera atxilotu dute Valentzian, bere etxetik ateratzen ari zela. Zaplanaz gain eta akusazio beraren pean, beste bost pertsona ere atzeman ditu Guardia Zibilak, kapitalak zuritzea, diru publikoa bidegabe erabiltzea eta prebarikazioa egotzita. Atxilotu horietako bat Vicente Cotino enpresaburua da, Espainiako Poliziako zuzendari ohi eta Valentziako Generalitateko presidenteorde izan zen Juan Cotinoren iloba.

Guardia Zibilaren UCO Unitate Zentral Operatiboa gidatzen ari den polizia operazioak zabalik jarraitzen du, eta atxiloketa gehiago izatea aurreikusten da.

Atzerrian zegoen diru beltza Espainiara sartzen ahalegintzea leporatzen diote Zaplanari, ikerketako iturriek Ser irrati kateari jakinarazi diotenez. Guardia Zibilaren arabera, itxuraz modu irregularrean esleitutako kontratuetatik lortutako diru beltz hori paradisu fiskaletan zegoen.

Valentziako 8. Instrukzio Epaitegiak agindu du polizia operazioa.

Zaplana 19:40 aldera Benidormeko (Alacant) etxera eraman dute guardia zibilek, eguneko bigarren miaketa egiteko, Valentzian beste etxebizitza bat miatu ondoren.

Valentziako etxebizitzatik atera duen Guardia Zibileko auto berean heldu da Zaplana Benidormera. Lehen miaketa 14:00ak aldera bukatu da. Dirudienez, Aldaian (Valentzia) enpresa bat miatu dute ordu berean.

Eduardo Zaplana Valentziako Generalitateko presidente izan zen 1995tik 2002ra bitartean, 2002tik 2004ra, ostera, Espainiako Lan eta Gizarte Gaietarako ministro izan zen Jose Maria Aznarren Gobernuan. Ministro izateari utzi zionean, 2004an, Alderdi Popularrak Diputatuen Kongresuan zuen bozeramaile izan zen. 2008an politika utzi eta enpresa jarduerara itzuli zen.

PPtik kanpo

Zaplana alderditik kaleratzea erabaki du PPk arratsaldean, baita Joaquin Barcelo Terra Miticako zuzendari ohia ere, operazio berdinean atxilotu baitute.

Alfonso Fernandez Mañueco eta Juan Carlos Vera PPren Eskubide eta Berme Batzorde Nazionaleko presidenteak eta idazkariak, hurrenez hurren, hartu dute erabakia, arratsaldean bildu ondoren.

"Erabaki zorrotza eta zaila da", onartu du Fernando Martinez-Maillo PPren koordinatzaile nagusiak. Edonola ere, adierazi duenez, prozesuari baldintzatutako erabakia da, baina bere ustean atxiloketa bera oso larria da.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Albisteak Alderdi Popularra Espainia albisteak Ustezko ustelkeria politikoa albisteak Ustelkeriaren mapa Espainian Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Valentzia gaur