Politika -

Auzitegi Nazionala

Terrorismo akusazioari eutsi dio fiskalak Iruñeko istiluen auzian

Peralsen hitzetan, 'akusatuek ETAren estrategiari jarraitu zioten, eta terrorea sortu zuten'. Defentsak absoluzioa eskatu eta azpimarratu du erradikalismoa ezin daitekeela terrorismoarekin nahastu.

Perals, epaiketan. Auzitegi Nazionaleko seinaletik hartutako irudia.
Jose Perals Auzitegi Nazionaleko fiskala.
Fiskalak terrorismo delitua mantentzen du Iruñeako istiluen kasuan

1:24

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Perals Auzitegi Nazionaleko fiskalak terrorismo kalifikazioari eutsi dio Iruñeko istiluen auzian. Asteazken honetan da amaitzekoa 2017ko martxoaren 11ko manifestazioan Iruñean izandako istiluengatik abiatutako epaiketa, aldeek euren ondorioak aurkeztuta. Fiskalak bere agerraldian nabarmendu duenez, Iruñeko Alde Zaharrean gertatutakoak "ez ziren iskanbila soila izan"; lau akusatuek "ETAren estrategiari jarraitu zioten" eta "terrorea sortu zuten".

Hori horrela, Errenteriako eta Beasaingo gazteei  (Asier P.B., Ruben I.B., Endika E.M. eta Julen P.G) desordena publiko terroristak egitea egotzi die, eta zazpi urteko kartzela zigorra eskatu du bakoitzarentzat.

Iruñeko istiluak "ETAren desegitearen kontra dagoen ezker abertzale erradikalaren dinamika" barruan kokatu ditu Altsasu auziko fiskala ere badenak.

Peralsen esanetan, "erakundeak desager daitezke, baina ideiak eta jarduteko moduak ez". Adierazi duenez, Iruñean gertatutakoak "ez ziren iskanbila soila izan, hiriburuko erdigunean bake publikoa urratzeko helburu terrorista zuen antolatutako ekintza baizik".

"Historiak zerbait irakatsi badigu da terrorismoa egon daitekeela hildakoak egon gabe. Denak berdin jarraitzen du", azpimarratu du, eta desordena publikoren delitua baztertu du, "Euskadin eta Nafarroan terrorismoaren hamarkadetako oinordetza" dagoelako.

'Errepresioari Autodefentsa' dinamikak deitutako manifestazioan 400 pertsonek parte hartu zutela gogorarazi du fiskalak. "Agian norbaitek esango du Ministerio Publiko hau errealitatearekin bat ez datorren irudimenezko mundu batean bizi dela, eta hala izatea nahiko genuke, baina egia dena da 'errepresioa'ren kontrako manifestazio bat egon zela'", esan du.

"ETAk oinordetzan utzitako beldurrezko indarkeria" horren lekuko manifestazioan oihukatu ziren leloak ere aipatu ditu: 'Borroka da bide bakarra', 'Gora ETA' eta 'Euskal presoak'.

Lau gazteen parte hartzeari buruz, fiskalak azaldu du "nahikoa frogatuta" geratu dela agenteek epaiketan zehar esandakoengatik.

Defentsek absoluzioa eskatu dute

Iñigo Iruin eta Aiert Larrarte defentsako abokatuek absoluzioa eskatu dute. Larrartek modu subsidiarioan urtebeteko kartzela zigor eskaera egin du bere bezeroarentzat desordena publikoengatik.

Iruin azalpenak ematen. Auzitegi Nazionalaren seinaletik hartutako irudia.

Iruinek "harrigarritzat" jo ditu Perals fiskalaren argudioak, eta "Ministerio Publikoak azken urteotan defendatutako jarreraren oinordetza" direla azpimarratu du. Defentsako abokatuaren ustez, "erradikalismoa terrorismoarekin" nahasten ari da fiskala, eta terrorismo delitua zer den gogorarazi du: "Gizartearengan izua eta alarma gorria sortzeko asmoz talde terrorista bateko kideek edo talde horren babespean egindako indarkeria ekintza oso larriak dira". 2017ko martxoaren 11n gertatutakoak ez ziren terrorismo izan, besteak beste, ETAk ekintza armatua utzia zuelako.

Horrez gain, kritikatu du ezin dela gertakarien terrorismoaren kalifikazio "automatikoa" egin "lekuaren arabera". "Hau da, istiluak Euskal Herrian gertatzen badira, terrorismo dira", salatu du. Horren ildoan, Burgoseko Gamonal auzoan jazotako istiluak hartu ditu hizpide: "Oso istilu larriak izan ziren zazpi gau jarraian, eta inori ez zitzaion okurritu terrorismotzat jotzea".

Auzia epaiaren zain geratu da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Iruñea Epaiketak Eguneko albisteak Errenteria Beasain Albisteak