Politika -

EKAINAK 10

Gure Esku Dagok kilometro solidario bat eskainiko dio giza katean Kataluniari

Ekainaren 10erako antolatu duen giza kateko 122. kilometroa, Bilbo erdigunean, "Kataluniako herriari, preso politikoei eta erbesteratuei" eskainiko die, eta 600 zapi hori salduko ditu bost euroan.

Jone Amonarriz eta Angel Oiarbide. ETBren bideotik ateratako pantaila irudia.
Jone Amonarriz eta Angel Oiarbide. ETBren bideotik ateratako pantaila irudia.
Jone Amonarriz eta Angel Oiarbide. ETBren bideotik ateratako pantaila irudia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak keinu bat egin nahi izan dio Kataluniari, eta ekainaren 10erako deitu duen giza katean elkartasun kilometro bat eskainiko die "Kataluniako herriari, preso politikoei eta erbesteratuei". Gure Esku Dagoren esanetan, Katalunia bizitzen ari den "salbuespenezko" egoera honetan egin beharreko keinu bat da.

Gaur Bilbon egin duten prentsaurrekoan azaldu dutenez, Kataluniatik jasotako 600 zapi hori salduko dituzte bost euroan eta bildutako dirua Kataluniako elkartasun kutxara bideratuko dute. Angel Oiarbide Gure Esku Dagoko kideak adierazi duenez, bost urteko ibilbidean dinamikak harreman estua izan du Kataluniarekin.

"Nork bere bideari jarraitzen dio, baina erabakiak eta pairatutako erasoek elkartzen gaituzte", azpimarratu du.

Aldi berean, Estatu espainiarraren errepresioa salatu du eta espetxean dauden Generalitateko kontseilari kargugabetuak eta Onmium Cultural eta Kataluniako Asanblea Nazionaleko (ANC) buruak eta erbestean dauden politikariak gogoan izan ditu.

Gure Esku Dagok ANC eta Onmium Cultural elkarteekin elkarlanean antolatu du kilometro solidarioa. Giza katearen 122. kilometroa, Bilbo erdigunean, Kataluniako herriari, preso politikoei eta erbesteratuei eskainiko die, eta 600 zapi hori salduko ditu bost euroan. Kilometro horretan parte hartu nahi dutenek internet bidez eman beharko dute izena. Kilometro hori gainerakoen berdina izango da antolakuntzari dagokionez, ezberdintasun bakarra zapiaren kolorea izango da: zuria beharrean horia.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken ordukoa Berriak Politika Gure Esku argazkiak Eguneko albisteak Eguneko albisteak