Politika -

Nafarroa

Zigortutako Altsasuko gazteak atxilotu ditu Guardia Zibilak

Libre zeuden lau gazteak (Cob, Urrizola, Goikoetxea eta Abad) hartu dituzte atxilo. Madrilera eramango dituzte eta arratsaldean auzi arin batean parte hartuko dute.

Guardia Zibilaren agente batzuk gaur Altsasun. Argazkia: guaixe.eus
Guardia Zibilak Altsasuko gazteak atxilotu ditu. Argazkia: guaixe.eus
Altsasuko gazteetako lau atxilotu ditu Guardia Zibilak

1:29

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibila Altsasura (Nafarroa) joan da gaur libre zeuden zigortutako gazteak atxilotzera. Iñaki Abad (13 urtera zigortua), Aratz Urrizola, Julen Goikoetxea eta Jon Ander Cob (bederatzina urteko zigorra) dira atxilo eramandakoak, azken horren amak Euskadi Irratiari baieztatu dionez. Ainara Urkijo, bi urtera zigortutako gaztea, ez dute eraman.

Urrizola, Goikoetxea eta Cob etxean atxilotu dituzte; Iñaki Abad lanean zegoen, eta atxiloketen berri izan duenean, bere burua Guardia Zibilaren esku utzi du.

Senitartekoek espero zuten atxiloketa (antza, kaleko jantzian ziren agente ugari ibili dira herrian azken orduetan), eta Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak emandako atxilotze agindu baten harira burutu dute agenteek. Nonbait, fiskalak egin du eskaera, ihes egiteko arriskua argudiatuta.

Coben amak azaldu duenez, Madrilera eramango dituzte laurak, saio arin batean parte hartzeko (16:00etan egingo dute, gaur). Gazteek euren defentsako abokatuak izango dituzte lagun. Epaileak erabakiko du kartzelara bidali ala ez.

 

 

Dena dela, senitartekoak ez dira oso itxaropentsu azaldu. Isabel Pozueta Adur Ramirez de Aldaren (kartzelan) amak ETBri azaldu dionez, arroparekin eta dokumentazioarekin motxilatxo bat egitea eskatu diete gazteei. "Ematen du saioa egiteaz gain, espetxera bidaliko dituztela", salatu du.

Atxilotze agindua ere kritikatu du, epaia ez baita irmoa: "Mendekuz beteriko operazioa da. Erokeria bat da, ez dakit zelan gertatzen ari den hau 2018an".

Azaldu duenez, gaur bisita dute Adurrekin Aranjuezeko kartzelan, eta hara joateko prestatzen ari zirela jaso dute atxiloketen albistea.

Bilera Altsasun

Atxiloketen ostean, bilera egin dute dozenaka altsasuarrek Gure Etxea elkartean hemendik aurrera hartu beharreko pausoak erabakitzeko. Aritz Leoz herritarren bozeramaileak ETBri esan dionez, "atzo hasi ginen sumatzen zerbait arraroa gertatzen ari zela, polizia pilo bat zegoen eta herrian". Leozen hitzetan, "herria shock egoeran dago; orain informazioa bildu, gurasoekin hitz egin eta arratsaldeko edo dena delako mobilizazioak adostuko ditugu".

Goizean, elkarretaratzea egin dute Udaletxearen aurrean:

 

Gaurko atxiloketen aurkako protesta bilkura, Altsasun
Gaurko atxiloketen aurkako protesta bilkura, Altsasun
Gaurko atxiloketen aurkako protesta bilkura, Altsasun

 

Arratsalderako hainbat mobilizazio deitu dituzte: 17:00etan prentsaurrekoa egingo dute, eta 20:00etan manifestazioa.

Zigor handiak, terrorismoa egotzi ez arren

Ostiralean eman zuen epaia Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko 1. Sekzioak. Epaimahaiak 2-14 urteko kartzela zigorra ezarri zien zortzi gazteei agenteen kontrako atentatua, lesioak, desordena publikoak eta mehatxuak egotzita. Terrorismorik ez zuten epaileek, baina delituongatik ezar daitekeen zigorrik handiena jarri zien, "gertakarien larritasun agerikoa" tarteko.

Altsasuko gazteen gurasoek "astakeriatzat" jo zuten epaia eta ekainaren 16rako manifestazioa deitu zuten, Iruñean.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak Altsasu Espetxeen albisteak gaur Gazteak gaur