Politika -

Hauteskundeak martxoan

Aurore Martin Euskal Herria Bairen hautagaia izango da Atharratzen

Le Journal du Pays Basqueri igorritako eskutitz batean Batasuna, Eusko Alkartasuna eta Abertzaleen Batasuna biltzen dituen alderdian izango dela adierazi du, Atharratze-Sorholuze kantonamenduan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurore Martin Batasunako kide ohiak (ezkutatuta Frantziak Espainiaratzea onartu zuenetik) martxoko datozen hauteskundeetan Euskal Herria Bai alderdi independentistaren hautagaia izango dela iragarri du, Ipar Euskal Herrian.

Le Journal du Pays Basqueri bidalitako gutun batean azaldu duenez, Euskal Herria Bain "lan politikoa egiten jarraitzeko" asmoa du Martinek; koalizioak Batasuna, Eusko Alkartasuna eta Abertzaleen Batasuna bilduko ditu martxoko kantonamendu-hauteskundeetan.

Atharratze-Sorholuzeko kantonamenduan izango da hautagai, baina koalizio independentistak bihar, larunbata, Baionan aurkeztuko du zerrenda osoa; hala ere, beste lauren izena ere jakina da: Daniel Olçomendy eta Anne Pagola Iholdi kantonamendurako, eta Dominique Bacho eta Maider Larrieu Donibane Garazikorako, Le Journal du Pays Basqueren arabera.

Batasunako mahai nazionaleko kide ohiak aurreko 21ean iragarri zuen ezkutuan ibiliko zela. Frantziako Auzitegi Gorenaren arabera, Espainiara bidali behar dute 2005 eta 2008 urteren artean lurralde espainiarrean egindako jarduera politikoengatik epaitzeko.

Ezkutuan ibili behar zela iragarri zuenetik interesa areagotu da Frantziako hedabideetan eta elkartasun hotsak entzun izan dira, eta ez bakarrik esparru abertzaleetan. Izan ere, 60 bat hautetsik jendaurrean egin zuten Martinen alde aurreko 12an, eta euren ekintzek izan zitzaketen "ondorio judizialak" onartzeko prest agertu ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea