Politika -

Diputatuen Kongresua

Antiguedad eserlekua uztera 'behartu' dutela salatu du Amaiurrek

Koalizio abertzaleak gogorarazi du diputatuen artean alkateak, zinegotziak eta beste hainbat irakasle badaudela.

Onintza Enbeita, Iñaki Antiguedad eta Xabier Mikel Errekondo. EFE
Onintza Enbeita, Iñaki Antiguedad eta Xabier Mikel Errekondo. EFE
Onintza Enbeita, Iñaki Antiguedad eta Xabier Mikel Errekondo. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amaiurrek salatu du Kongresuak araudiaren interpretazio zorrotza egin izana Iñaki Antiguedad diputatu abertzaleari eserlekuaren edo unibertsitateko irakasle karguaren artean hautatzera behartzeko.

Antiguedadek berak prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean Bilbon Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatuarekin eta Onintza Enbeita bertsolariarekin (haren lekua hartuko duena) batera.

Agerraldi horretan, Antiguedadek azaldu du eserlekua uztea baino beste aukerarik izan ez duela, Diputatuaren Estatutu Batzordeak bateraezinak ikusi baititu parlamentari eta unibertsitateko irakasle karguak. "Ezpata eta hormaren aurka jarri naute", salatu du.

Horren esanetan, Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) irakasle izatean jarraitzea hautatu du, baina ez du utziko "politikarekin hartutako konpromisoa". Izan ere, "unibertsitatea giltzarria da herrialdeak eraikitzeko prozesuetan".

Antiguedadek esan du abenduan errentaren eta jardueren aitorpenak aurkeztu zituela Behe Ganberan, eta orduan ez ziotela atzeman jarduera bateraezinik.

Halaber, hilabete hauetan ez duela ezer kobratu nabarmendu du, diputatu soldatari uko egin baitzion, katedradun soldatari eusteko.

Azkenik, Antiguedadek azaldu du parlamentari eta irakasle karguak uztartu egin dituela hainbat legegintzalditan Eusko Legebiltzarrean.

Bestalde, Errekondok kritikatu egin du Kongresuak araudiaren "interpretazio tekniko zorrotza" egin izana Antiguedadi eserlekua ukatzeko, eta azpimarratu du diputatuen artean alkateak, zinegotziak eta beste hainbat irakasle badaudela.

"Badakigu zer-nolako interpretazioak egiten dituzten tartean Amaiur dagoenean", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea