Politika -

Eusko Jaurlaritza

Jaurlaritzak biktima polizialak aitortzen dituen dekretua onartu du

Dekretuan jasotzen diren xedapenak 1968ko urtarrilaren 1aren eta 1978ko abenduaren 31ren artean izandako gertakariei aplikatuko zaie.

Poliziaren biktimak aitortzeko batzorde txostengilea. EITB
Poliziaren biktimak aitortzeko batzorde txostengilea. EITB
Poliziaren biktimak: Aitortza eta laguntzarako dekretua onartu dute

01:20

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1960 eta 1978 artean Poliziaren gehiegikerien biktima izan zirenek ekainaren 20tik aurrera eskatu ahalko diote Eusko Jaurlaritzari biktima izaera aitortzea eta kalte-ordaina, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialak dekretua argitaratu eta hurrengo egunean.

Eusko Jaurlaritzak gaur onartu du motibazio politikoko biktimen dekretua. Idoia Mendia bozeramaileak azpimarratu du Jaurlaritzak biktima horien "injustizia eta sufrimendua aitortzea" eta hori konpontzeko borondatea erakustea duela helburu.

1960 eta 1978 artean "bizi izan zen motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan" giza eskubideen urraketak "sufritu" zituztenei eragingo die dekretuak.

Dekretuan agertzen denez, motibazio politikoko indarkeria funtzionarioek pertsonen eskubideen kontra egiten dutena da, gizarteari eragin nahian egin zena eta zigor gabetasun testuinguru batean.

"Jarduera terroristak" egiten ari ziren momentuan hil zirenak dekretutik kanpo geratzen dira. Txiki eta Otaegi ETAko kideak, ordea, babesten ditu dekretuak, frankismo garaian fusilatu zituztelako.

Hala ere, Batzorde bat eratuko dute Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubideen Zuzendaritzaren baitan biktima izaera nork duen erabakitzeko.

Batzorde hori dekretua aldizkari ofizialean agertu eta hilabetera egon beharko da martxan, hau da, uztailaren 19rako berandu jota, eta ordutik aurrera hasiko dira biktimen eskariak aztertzen.

Uztailaren erdialdetik aurrera hasiko dira motibazio politikoko indarkeriaren biktimak aitortzen eta dagozkien kalte-ordainak ematen, orduan hasiko baita Eusko Jaurlaritza gehiegikeriak pairatu dituzten pertsonen espedienteak aztertzen, alegia.

Kalteak "Segurtasun Indarren agenteek, beste funtzionario publiko batzuek, edo kanpoko kolaboratzaileek zuzenean edo zeharka egindako ekintza bidegabeek" eragindakoak izan beharko dute.

Idoia Mendia Justizia sailburuak adierazi duenez, dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hilabeteko epean bilduko da biktimatzat aitortzea eskatu duten pertsonen espedienteak aztertzeaz arduratuko den batzordea.

62 hildako, 1960-1978 artean

Mendiaren Sailaren arabera, EAEn 62 pertsona hil ziren polizia indarkeriaren ondorioz 1978a baino lehen, baina biktima horien inguruko 25 seniderekin soilik jarri ahal izan dira harremanetan.

Beste dekretu bat prestatzen hasiko dira

Justizia Saila 1978az geroztik izandako biktimen inguruko bigarren zirriborro bat egiten hasiko da orain.

Mendiak bigarren idatzi hori aurrera eraman ahal izateko zailtasun juridiko gehiago izan dituztela onartu du, izan ere, aldi demokratiko baten barruan jazotakoak dira, dena den, lehenengo dekretua egiteko esperientziak izapideak errazten lagunduko diela erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea