Politika -

'Oso latza izan da' aurkezpena

Euskal Memoriak 4.600 tortura testigantza bildu ditu

"Oso latza izan da" liburuaren aurkezpenean, tratu txarrak pairatu dituztenekin errolda ofizial bat egiteko proposamena egin dute.

"Oso latza izan da" liburuaren aurkezpenena. EITB
"Oso latza izan da" liburuaren aurkezpenena.
"Oso latza izan da" liburuaren aurkezpenena. EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Memoria fundazioak Euskal Herrian azken 50 urteetan torturak eta tratu txarrak jasan dituzten 4.600 lagunen testigantza bildu ditu eta 9.600 eta 11.600 tortura kasu inguru egon daitezkeela ohartarazi du. Era honetan, erakundeei "biktima hauen errolda ofizial" bat egiteko eskatu die, baita "erakundeek finantzatutako baina independentea izango den egiaren batzorde" bat ere, "ardurak argitzeko asmoz".

Donostiako Intxaurrondoko kultur etxean "Oso latza izan da. Tortura Euskal Herrian" liburua aurkeztu dute. Julen Arzuaga EH Bilduren legebiltzarkideak idatzitako liburu honek "Estatuen eta erakunde parapolizialen aldetik eginiko giza eskubideen urraketak ez ahazteko" helburua du.

Aurkezpen ekitaldian Unai Romano Egiari Zor Fundazioaren bozeramalea eta Lorea Bilbao Torturaren Aurkako Taldearen bozeramalea egon dira. Hauekin, Tasio Erkizia ezker abertzaleko kidea eta Martxelo Otamendi Berriako zuzendaria ere egon dira.

Lehen aldiz "testigantza kolektiboa saiatu gara egiten", esan du Arzuagak, eta horretarako 1959. urtetik gaur egunera tratu txarrak pairatu dituztenen testigantzak jaso dituzte.

"Izen eta abizenak dituzten 4.600 lagunen lekukotasunak" jaso direla adierazi dute eta horiek frogatzeko "Istanbuleko protokoloa aintzat hartu da, lekukotasun baten sinesgarritasuna frogatzea oso zaila delako", azaldu dute.

Halaber, Bilbaok atxilotuen inkomunikazio aldia bertan behera uzteko eta "erakundeek finantzatutako baina independentea izango den egiaren batzorde" bat egiteko eskatu du. "Estatuek euren erantzukizuna onartu behar dute, torturatutako pertsonak aitortu, kaltea erreparatu eta Egiaren Batzordearen eraketa ahalbidetu behar dute torturaren egia osoa ezagutarazteko", defendatu du Romerok.

Astelehenean Jaurlaritzak poliziaren biktimak izan diren zortzi lagunekin lehenengoz izango duen bileraren inguruan galdetuta, "horrelako edozein ekimen positibotzat" jotzen dutela esan dute, baina "pausu gehiago eman behar dira, bidea luzea delako eta oraindik hasieran besterik ez gaudelako", gaineratu dute. "Pauso guztiak positiboak dira, baian askoz gehiago izan beharko dira".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea