Publizitatea

Egunkaria, 10 urte

'EGUNKARIA' 10 URTE

1990eko abenduak 6

'Euskaldunon Egunkaria' euskarazko kazeta sortu zen

2003ko otsailak 20

'Euskaldunon Egunkaria' euskarazko kazeta ixteko agindua eman zuen Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epaileak, ETArekin lotura zuelakoan

Hamar lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia (2006an hil zen) eta Inma Gomila.

Guardia Zibilaren esku bost egun inkomunikatuta egin ostean, Torrealdai, Uria, Oleaga, Auzmendi eta Alegria baldintzarik gabe espetxeratzeko agindu zuen epaileak. Otamendi, Gomila, Lazkano eta Goia, ostera, aske utzi zituen, bermea ordainarazita. Zubiriari 72 orduz luzatu zion inkomunikazioa epaileak.

Egunkaria-ko langileek Egunero kazeta atera zuten; Berria sortu arte iraun zuen.

2003ko otsailak 22

Milaka lagunek itxieraren aurka aldarri egin zuten Donostiako manifestazio jendetsuan

2003ko ekainak 21

'Berria' euskarazko kazeta sortu zen

2003ko urriak 16

Martin Ugalde Kultur Parkearen eta Egunkaria-ren enpresa taldearen aurkako operazioa egin zuen Guardia Zibilak, eta zortzi lagun atxilotu zituen: Mikel Arrizabalaga, Angel Diez, Armando Hernandez, Mikel Sorozabal, Joxe Mari Sors, Mikel Azkune, Joanmari Larrarte eta Xabier Legarra.

2004ko azaroak 4

Torrealdai, Uria, Auzmendi, Otamendi, Zubiria, Oleaga, Alegria eta Joxemi Zumalabe, Egunkaria-ko sortzaileetako bat (hilda zegoen), auzipetu zituen epaileak. Auzipetzeko aginduak berretsi egin zituen handik hilabetera, Joxemi Zumalabe zenarena salbu.

'Egunkaria'-ren aldeko adierazpen instituzionalak, manifestazioak eta bestelako elkartasun ekimenak ugariak izan ziren. Politika, kultura eta, oro har, gizarte arloko ordezkariek auzia ixteko eskatu zuten.

Galeria

foto1

2006ko abenduak 15

Auzia artxibatzea eskatu zuen Fiskaltzak, Egunkaria ETArekin lotzeko “zantzu irmo nahikorik” ez zegoela iritzita. Akusazio partikularrak aurrera jarraitzeko eskatu zuen. 2007ko maiatzaren 10ean auzia epaitzea erabaki zuen ANk.

2008ko urtarrilak 24

'Egunkaria'-ren auziko alde ekonomikoari zegozkionak Auzitegi Nazionalean epaitzea erabaki zuten

2009ko abenduak 15

'Egunkaria'-ren kontrako epaiketa, Madrilen

Bost lagun, akusatuen aulkian: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga. Miguel Angel Carballo fiskalak ez zien galderarik egin -aurretik auzia ixteko eskatu zuen-, eta auzipetuek Egunkaria-k ETArekin loturarik izatea ukatu zuten. Auzipetuek babes handia jaso zuten Madrilen, eta elkartasun horren erakusgarri izan zen lau egun geroago Bilbon egin zen manifestazio erraldoia.

2010eko apirilak 12

Epaiketa abiatu eta lau hilabetera, zazpi urteko bide gogorraren ostean, 'Egunkaria'-ren epaia kaleratu zen: Auzitegi Nazionalak absolbitu egin zituen bost auzipetuak

Auzitegi Nazionalak absolbitu egin zituen Egunkaria-ko bost zuzendariak ETArekin lotzen zituen akusaziotik, deliturik egin ez zutela eta erakunde armatuarekin zerikusirik ez zutela ondorioztatuta. Egunkaria-ren ildo informatiboak komunikabide hori "delituak egiteko tresna zela baztertzeko aukera" ematen zuela eta 2003an itxi zutenean "gaikuntza konstituzional zuzenik" ez zegoela ere azpimarratu zuen epaiak.

Ebazpena zorrotza izan zen, eta gogor kritikatu zuen Egunkaria-ren aurkako auzibidea. Esaterako, akusazioaren iturburua bera "oso ahula" zela, hots, inputazioa "arduragabea" zela esan zuen. Ikerketa poliziala ez zela "gardena" izan eta euskararekin edota euskal kulturarekin lotura duen guztia ETAk "bultzatutakoa den edo berak kontrolatuta dagoen" ikuspuntua "itxia eta okerra” zela ondorioztatu zuen epaiak.

2012ko urriak 16

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia zigortu zuen, Martxelo Otamendi 'Egunkaria'-ko zuzendari ohiaren tortura salaketak ez zituelako behar bezala ikertu

2013ko urtarrilak 20

‘Egunkaria, 10 urte geroago’ dokumentala egin du ETBk

Publizitatea