Gernikako Bonbardaketa -

Bonbardaketaren 78. urteurrena

Mohamed Abdelazizek eta Martin Beristainek Gernika Saria jaso dute

Errepublika Saharar Demokratikoaren presidenteak eta Psikologia Sozialean doktoreak Gernika Sariak jaso dituzte bakearen eta elkarbizitzaren alde egindako lanagatik.

Bandera saharar ugari ikusi izan dira Gernikako ekitaldian. Argazkia: EiTB
Steer eta sahararrak omendu dituzte Gernikan

1:12

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errepublika Arabiar Saharar Demokratikoaren presidente Mohamed Abdelazizek adierazi duenez, "Marokok gerra egiten jarraitzen du, denbora irabazteko, eta bere herriaren askatasuna saihesteko asmoz". Horretarako, Abdelazizek salatu duenez, "Nazio Batuen Erakundearen barkaberatasuna dute, edo areago, horren laguntza".

Abdelazizek Bakearen eta Adiskidetzearen IX. Gernika Saria jaso du igande honetan Gernikako Lizeo Antzokian, udalerri horrek duela 78 urte pairatu zuen bonbardaketaren urteurrenaren harian.

Bestalde, Psikologia Sozialean doktore Carlos Martin Beristaini ere golardo bera eman diote.

Abdelaziz Fronte Polisarioaren idazkari nagusia ere da, eta ez da gaurko sari-banaketan egon, baina golardoa eskertu du Parlamentu Sahararraren presidente Jatri Aduhek irakurritako testu baten bidez. Abdelazizek esan duenez, herri sahararrak "larrutik ordaindu du bakearen eskubidea berreskuratzeko martxa historikoagatik".

"Marokok gure herrialdea okupatzen jarraitzen du, aldiro-aldiro ari da giza-eskubideak urratzen, herritarrak bahituta ditu, eta nazioarteko baliabideak lapurtzen dizkigu", salatu du.

Saharako erreferendumerako ezarritako datatik 23 urte baino gehiago igaro badira ere, "herriak badu fedea, eta askatasuna eta bakea lortzeko bidean edozein jazoerari aurre egiteko prest dago".

Indarkerian aditua

Bestalde, Beristainek ere ezin izan du Gernikan egon. Hala ere, Gernikako Saria eman diote 30 urtez errefuxiatuen, tortura-biktimen eta gainerako indarkeria-biktimen alde egindako lanagatik.

Bideo baten bitartez, saria eskertu du Kolonbiatik, eta "desberdintasunez eta indarkeriaz betetako munduan" jardunean ibili den biktima guztiei eskaini die golardoa. Haren izenean, Conchi Onaindia emazteak jaso du saria, Gernikako alkatearen eskutik.

Gaurko ekitaldiak

Gernikako bonbardaketa jazo denetik 78 urte igaro dira eta, horren harian, hainbat ekitaldi prestatu dituzte gaurko, tartean, George Steer kazetari britaniarraren omenez egindako lore-eskaintza (aire-erasoa mundo osora ezagutzera eman baitzuen).

Bestalde, bonbardaketa horretan hildako lagunak omenduko dituzte arratsaldean hilerrian, eta manifestazio isila egingo dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gernikako bonbardaketa Gernika-Lumo albisteak