Teknologia -

Zientzia

Marteko hodei arraro bati buruzko lehen hipotesiak eman ditu EHUk

Hodeia 2012ko otsailean agertu zen Marteko atmosferan, 250 kilometroko altueran, eta Lur planetatik ikusgai izan zen.

Marteko hodeia Lur planetatik izan zen ikusgai. Argazkia: CSIC
Marteko hodeia Lur planetatik izan zen ikusgai. Argazkia: CSIC
Marteko hodeia Lur planetatik izan zen ikusgai. Argazkia: CSIC

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2012ko otsailean, mundu osoko astronomoek irudi harrigarri bat ikusi zuten: Marteko atmosferan, hodei erraldoi bat zegoen, 250 kilometroko altueran. Fenomeno hori handik eta hilabetera errepikatu zen, eta gaur, hiru urteren ostean, lehen hipotesiak kaleratu dituzte dagoeneko. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) zientzialariek eman dituzte, gainera.

Astronomo ez profesionalek grabatutako irudiak oinarri, zientzialariek Marteko atmosfera eta espazioko misio batzuen orbitan dauden lekuak ikertu ahal izan dituzte.

EHUrekin batera, Espainiako Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenak (CSIC) ere hartu du parte ikerketan, eta emaitza Nature aldizkari ospetsuan publikatu dute.

Hodeia 500-1.000 kilometro zabal zen, "Iberiar penintsula bezala", eta bi egunez "200-250 kilometroko altuera" izan zuen. "Aurrekaririk gabeko fenomenoa izan da", Agustin Sanchez-Lavega EHUko ikerlariak EFE agentziari azaldu dionez.

Hainbat espazio-ontzik eta Hubble teleskopioak antzeko hodeiak grabatu izan dituzte, baina ez horren altuera handian.

Irudiak aztertu eta gero, ikerlariek bi hipotesi proposatu dituzte: hodeia izotz edo karbono dioxido partikulaz osatuta egotea edo aurora borealaren antzeko fenomeno bat izatea.

"Bi aukera horietako edozein izan daiteke, baina oso baldintza arraroak gertatu behar dira Marteko atmosferan horietako bat jazotzeko", aitortu du Sanchez-Lavegak.

Hodeia urez osatuta balego, Marteko tenperatura "50 ºC inguru" jaitsi dela esan nahi luke. Eta karboko dioxidoa balitz, baliteke jaitsiera hori "100 ºC-koa" izatea. "Horregatik, uraren teoriaren alde egiten dugu gehienbat", gaineratu du ikerlariak.

Bigarren hipotesiaren arabera, hodeia fenomeno argidun bat izan liteke, Lurreko poloetako aurora borealen antzekoa. Dena dela, aukera hori ia erabat baztertu dute, Marteko atmosferaren dentsitatea oso txikia baita.

"Bi hipotesiak oso arraroak dira, baina ez ezinezkoak", ohartarazi du EHUko ikerlariak.

Nolanahi ere, inportanteena fenomeno horren kausa jakitea baino gehiago, maiz errepikatzen ote den egiaztatzea dela nabarmendu du Miguel Angel Lopez Valverde Andaluziako Astrofisika Institutuko kideak. Izan ere, fenomeno horiek eragina izan lezakete espazio-misioetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EHU albisteak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Albisteak Planetei buruzko albisteak gaur Marte azken ordukoa