Teknologia -

Teknologia Berriak

Galaxy S6 eta Galaxy S6 Edge, Samsung etxearen berrienak

Diseinuan aldaketa nabarmen batekin datoz bi telefonoak: plastikoa atzean utzi, eta metala eta kristala izango dira gailu berrien osagaiak. Apirilaren 10etik aurrera jarriko dituzte salgai.

Bartzelonan atzo aurkeztu zituen Samsungek bere azken nobedadeak. EFE.
Bartzelonan atzo aurkeztu zituen Samsungek bere azken nobedadeak. EFE.
Bartzelonan atzo aurkeztu zituen Samsungek bere azken nobedadeak. EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Samsung telefonia etxeak Bartzelonan aurkeztu zituen atzo Galaxy S6 eta Galaxy S6 Edge telefono mugikorrak: pantaila laua du aurrenak, eta kurbatua bigarrenak. Mobile World Congress (MWC) jardunaldietan egindako aurkezpenean azaldu ditu talde hegokorearrak mugikor berrien ezaugarriak. Berrikuntzetako bat Samsung Pay ordainketak mugikor bidez egiteko plataforma berria da: udan jarriko dute martxan Amerikako Estatu Batuetan eta Hego Korean.

Tamainari dagokionez, S5aren neurri berbera dute (5,1 hazbete). Bereizmena, hori bai, handiagoa du: 2.560x1.440 pixelekoa (577 pixel hazbeteko).

Galaxy S6 Edge modeloak alboetan funtzio gehigarriak ditu; kontaktu gogokoenetarako zuzeneko sarbidea, esaterako.

Mugikor berrien atzeko kamera 16 megapixelekoa da eta irudiak egonkortzeko teknologia berezia du. Aurreko kamerak, berriz, 5 megapixel ditu.

Exynos 7 prozesadorea du, zortzi nukleo eta 64 bitekoa; Note 4ak duen prozesadorea baino % 20 azkarragoa. Hiru gigabyteko RAM memoria du eta 32 gigabyterainoko biltegiratze ahalmena.

Mugikor berrien bateria 2.600 miliamperekoa da. Samsung etxearen arabera, sarean 12 orduz jarraian nabegatu ahal da telefono hauekin. Haririk gabeko kargagailuen bidez kargatu ahal dira.

Samsungen gama altuko telefonoen orain arteko diseinuekin alderatuta, aldaketa nabarmen batekin datoz bi telefono berriak: plastikoa atzean utzi, eta metala  eta kristala izango dira gailu berrien osagaiak.

Galaxy S6 berria apirilaren 10ean jarriko dute salgai mundo osoko 20 bat herrialdetan. Urdinak, urre kolorekoak, berdeak, beltzak eta zuriak izango dira merkaturatuko dituzten aurrenekoak. Talde hegokorearrak ez du prezioa zehaztu, baina, hainbat hedabidek zabaldu dutenez, 688 eta 899 euro arteko salneurrian salduko omen dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Telefonia mugikorra albisteak