Teknologia -

Nomofobia

Mugikorrera katigatuta

Gero eta gehiago dira teknologia berriek eragindako mendekotasunari lotutako gaitzak. Teknologia garatuz joan ahala, hazi egin da estresa eta mendekotasuna. Adituek izena jarri diote: nomofobia.

Maider Beistegi | EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Teknologia berrien atzaparretan. Komunikazio inkomunikatuan. Aurrean dugunari baino, urrun dagoenari begira. Errealitatea versus birtualitatea. Teknologia berrien garapenak abantailak ekarri dizkigu, baina bizitza errazteko sorturiko gailu horiek (smartphone, tablet, phablet, laptop eta ordenagailuak) gero eta leku gehiago hartu dute eta bizitza katramilatu egin digute.

Espainia Europar Batasuneko buru da mugikorren salmentari dagokionez: 23 milioi sakelako telefono. Euskal Autonomia Erkidegoa, berriz, erabilerari dagokionez: batez beste, 4,3 orduz erabiltzen dugu sakelako telefonoa egunean, Estatuko gainerako biztanleek baino 0,5 ordu gehiago. Erabiltzaileen ia erdiek (% 43,5) esan dute ordubetean 10 aldiz begiratzen diotela pantailari, eta % 30,4k onartu dute sakelakoaren mendekotasuna dutela.

Rastreator.com atariak egindako ikerketak eman ditu ezagutzera datu horiek. Galdetutakoen % 62 ezingo lirateke sakelakorik gabe egon egun bat baino gehiago, hamarretik bik onartu dute gidatzen ari direnean ere begiratzen diotela telefonoari (Estatuko daturik altuena), eta % 30,4k uste dute horren mendekotasuna dutela. Estatuko biztanleen artean daturik altuena da hori, eta batez bestekoa baino 12 puntu handiagoa.

Herritarren % 6,5ek esan dute ezin direla telefonoari begiratu gabe bost minutu baino gehiago egon, eta % 23,91k uste dute telefonorik gabe bizi ahal izango liratekeela. Gehienek (% 65,22) lagunekin daudenean ere begiratzen diote telefonoari. % 43,48ren esanetan, telefonoari begiratzea da goizean jaikitzen direnean egiten duten lehen gauza, baita oheratzerakoan egiten duten azkena ere.

2007tik, sakelakoak sortu zirenetik, gero eta gehiago entzuten ditugu phubbing eta nomofobia berbak. Ondoan duzun lagun, lankide edo senideari baino arreta gehiago telefonoaren pantailari eskaintzea da phubbing (ingelesezko phone eta snubbing batuta sortutako berba). Nomofobia, berriz, sakelako telefonoaren mendekotasuna izatea da.

Etxean zuten inkomunikazioari irtenbide bat eman nahian, muturreko erabakia hartu du Anek. “Konturatu ginen neurriren bat hartu behar genuela. Etxeratzerakoan ez zegoen hizketaldirik. Bakoitza bere sakelakoari begira aritzen zen, mezuen zain. Afalorduko egoera surrealista samarra zen. Hori dela eta, aholkua eskatu eta erabakia hartu genuen. Telefonoak sarreran uzten ditugu, biharamunera arte itzalita”.

Iker Totorika psikologoaren esanetan, gaur egun ez gara kalera ateratzen sakelakoa etxean utzita, lehen mailako gailua delako. Baina, zergatik harrapatzen gaitu sakelakoak? Mugikorretako koloreak, pantailak eta argi jokoek aktibatu egiten dute gure garuna, eta, besteak beste, endorfina eta dopamina askatzea eragiten dute. Telefonoaren erabilera aldatu denez, eta komunikatzeko ez ezik aisialdirako ere erabiltzen denez, gehiegizko erabilerak arriskuak sor ditzakeela ohartarazi du, gero eta gehiago erabili, orduan eta plazer sentsazio handiagoa dugulako.

Jon Zabalekin eta Iban Larrakoetxearekin batera Bilbon zuzentzen duen Psicoxlaguntza psikologikorako zentroan, gero eta gehiago dira beste arazo batzuengatik joan, eta mugikorraren mendekotasuna dutela ikusten duten herritarrak. “Sakelakoarekin lotuta daudela ikusten dugu, ez baitira kontsultan ere itzaltzeko gai. Berria da, eta ez dugu ondo asimilatu, baina arazoa hor dago”.

Nomofobia edo gailu horien mendekotasuna dutenen sentsazioa drogaren mendekotasuna dutenenaren modukoa da. “Sakelako barik daudenean, euren gorputzaren erantzuna drogarik gabe dagoen drogazale batena moduko da”, esan du. Dena dela, sakelakoek eragindako mendekotasuna ez da, oraingoz, buruko gaitz bat bezala hartu.

Zenbait ikerketen arabera, baina, gailu hauekin dugun lehen harremana esnatu bezain pronto izaten da. Begiak itxi aurretik ere, pantailari begiratzen diogu. Estatus neurgailu bihurtu da sakelakoa. “Whatsapparekin lehen harremana 07:30ean da, begiak ireki eta berehala. Konektatuta ez bazaude, zure lagunek ez badizute idazten eta egoera hori errepikatzen bada, eta hazten ari zaren gaztea bazara, edo ego ahulekoa, egoera horrek egonezina eta depresioa sor dezake”, azaldu du Totorikak.

Terapia

Totorikaren berbetan, “ohitura kontua da. Beharrizan bat sortu dugu gure kontzientzian. Horregatik, egin beharreko lehen gauza berriro heztea da. Kontua ez da mugikorra erabiltzeari uztea, gakoa erabilera kontrolatzean datza”.

Terapiari dagokionez, mendekotasun mailaren arabera antolatu behar da. “Telefonoari ez begiratzeak edo ondoan ez izateak antsietatea sortzen badigu, jarrera hori aurreikusteko zer egin daitekeen aztertu behar dugu. Egoera horri aurre egiteko baliabideak ikasi behar ditugu. Terapia diferenteak daude, bakoitzaren adikzio mailara bideratuta”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osasuna Telefonia mugikorra albisteak Erreportajeak Albisteak