Teknologia -

Sare Sozialak

Tuentik atzean utzi du sare soziala

Erabiltzaileek azken hamar urteotan sare sozialera igotako argazkiak berreskuratzeko aukera izango dute, ZIP artxibo baten bidez.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sare soziala atzean uztea erabaki du Tuentik, sortu zenetik hamar urte igaro direnean. Ez du, baina, bere jarduna etengo. Teknologia berrien negozioan murgilduta jarraituko du, mugikor-operadore birtualen negozioan: milioi bat bezero lortzea da datorren urteotarako konpainiak ezarri duen erronka.

"2006an konpainia sortu zenetik, Tuentik berritzaile senari eutsi dio, eta sare sozial izatetik mugikor-operadore izatera igaro da, komunikazio digitalen abangoardiatik jaitsi gabe", esan dute Tuentiko arduradunek.

Android eta iOS gailuetarako aplikazioaren bertsio berritua merkaturatu du Tuentik. Nabigaziorako diseinu berria du, erabiltzeko erraztasuna bultzatzen du eta balio gehiago ematen die komunikazioei: operadorearen bezero direnei edota mugikor-operadore konpainiaz aldatu gabe zerbitzua frogatzen dutenei.

Pauso hori emanda, Tuentik atzean utzi du sare soziala. Dena den, erabiltzaileek azken hamar urteotan sare sozialera igotako argazkiak berreskuratzeko aukera izango dute, ZIP artxibo baten bidez. Horrez gain, argazki ezagunenekin bideo bat sortzeko aukera ere izango dute erabiltzaileek.

"Konpainia ezberdina izan gara beti merkatuan eta horrek eragina dauka garatzen dugun produktuan; izan ere, gure erabiltzaileen eta bezeroen feedbackean  oinarritzen gara eta erabilerari buruzko estatistikak xehetasunez aztertzen ditugu, harrera ona duten funtzionalitateak bultzatuz eta hainbeste erabiltzen ez direnak ezabatuz", azpimarratu du Sebas Muriel Tuentiko kontseilari delegatuak azpimarratu duenez.

Diru sarrera handiagoak

Tuentik azpimarratu duenez, ia lau urtean % 230 hazi dira haren irabaziak. Tuentik publizitatetik izan zituen irabazi gehien 2011n, Espainian; 2013an irabazien % 75 mugikor-operadoreari zegokien eta, gaur egun, ehuneko ehunean hortik lortzen ditu irabaziak.

Tuentik gezurtatu egin du sare soziala itxiko duela

Tuenti konpainiak gezurtatu egin du sare soziala itxi egingo duela, eta "eboluzioaren" estrategian pauso berri bat dela azpimarratu du. Telefonicarena den konpainiak azaldu duenez, aipaturiko plataforma egungo mugikor-operadore eredura aldatuko du pixkanaka-pixkanaka.

Beraz, Tuentiko erabiltzaileek mugikorreko aplikaziora sartzen jarraitu ahal izango dute -izan bezero ala ez-, baita beste erabiltzaileekin eta konpainiarekin elkarreraginak izan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sare sozialak berriak Albisteak Gaur Eguneko albisteak