Teknologia -

Europako Batzordea

Beste espediente bat ireki dute Googleren kontra, abusua egotzita

Bruselaren arabera, Googleren merkatu kuota % 80ra iristen da Interneteko bilaketei lotutako iragarkien sektorean.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Batzordeak iragarri du hirugarren espedientea irekiko diotela Googleri nagusitasuna gehiegikeriaz erabiltzea egotzita, lehiakideen iragarkiei mugak jartzeagatik.

"Nagusitasuna izatea ez da arazoa arau europarrentzat, handia izateko aukera dago. Baina legez kanpokoa da nagusitasun hori gehiegikeriaz erabiltzea lehiakortasuna murrizteko, kontrolatzen duen merkatuan edo beste batean", adierazi du Margrethe Vestager Lehiakortasun komisarioak prentsaurreko batean.

Bruselaren arabera, Googleren merkatu kuota % 80ra iristen da Interneteko bilaketei lotutako iragarkien sektorean, Europan. Sektore horren barruan, akordioak egin ditu "bazkide zuzenekin", eta horiei hainbat baldintza inposatu dizkiela susmatzen dute.

Besteak beste, esklusibitatea exijitu die, eta Googleren lehiakideak diren enpresei erabiltzeetara egokitutako iragarkiak jartzea galarazi die.

Hirugarren espediente honen berri eman ostean, Bruselak irekita dauden kasuak "indartzeko" dokumentuak aurkeztu ditu, "froga berriak" bildu ostean.

Iazko apirilean ireki zuten lehenengo espedientea, bilaketetan Google Shoppin prezio konparatzaileari mesede egiteagatik.

Beste kasua aurtengo apirilean atera zen argitara, eta Android sistema eragileari lehiakideei baino toki gehiago eskaintzearekin dago lotuta auzia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EB Europa bideoak Google argazkiak Gaurko azken ordukoa