Teknologia -

Bideo-jokoa

Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean ere, Pokémon Gorekin ehizan

Euskal hiriburuak ez dira pokemonak ehizatzeko grinatik kanpo gelditu, eta Twitter sare sozialean dagoeneko badira jokoari buruzko profil berezituak hiriburu bakoitzeko.

Alber Acebedo

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nintendo konpainiak ekoitzitako Pokemon Go bideo-joko arrakastatsua ostiralean heldu zen modu ofizialean Espainiara (App Store eta Google Play plataformetatik doan jaitsi daitezke jada), eta ordutik aurrera pokemon fenomenoa hazi besterik ez da egin, baita geurean ere. Izan ere, euskal hiriburuak ez dira izaki digital horiek (pokemonak) ehizatzeko grinatik kanpo gelditu, eta gero eta ohikoagoa ari da bihurtzen sakelakoarekin hara eta hona apuntatzen ari den jendea ikustea gure kale, plaza eta parkeetatik zehar, Bulbasaur, Squirtle edota Charmander motatako pertsonaia bat harrapatzeko asmoz.

Sare sozialetan ere jaso dute horren isla, eta Twitterren dagoeneko badira Pokémon Go jokoari buruzko profil berezituak euskal hiriburu bakoitzeko: @PokemonGo_BIO (Bilbo), @PokemonGoDonos (Donostia), @PokemongoGSTZ (Gasteiz) eta @PokemonGO_PM (Iruña).

Profil horietatik, erabiltzaileek euren lorpenen inguruan hitz egiten dute, aholkuak partekatzen dituzte, pokemonak non aurkitu dituzten jakinarazten dute eta beste jokalariekin batera jokatzeko hitzorduak antolatzen dituzte.

Ez da sofan jokatzen

Gainerako bideo-jokoekin ez bezala, Pokemon Go ez da etxeko sofan eserita jokatzen, kale, parke eta hondartzetan baizik. Benetako tokiak jokalariaren pantailan agertu eta pertsonaia birtualak bertan ezkutatzen dira.

Sistema erraza da. Erabiltzailearen telefono adimendunaren kokatze-sistema erabiltzen du bideo-jokoak, baita erlojua ere, jokalaria noiz eta non dagoen antzemateko, Pokemonen pertsonaia bat "ikusarazteko". Pantailan agertuko da, erabiltzaileak harrapa dezan.

Ez dago argi jokoa geratzeko etorri den edota aldi baterako moda horietako bat besterik ez ote den izango, baina uda honetako pasadizo ugariren eta kuadrilla askotan hainbeste solasaldiren protagonista izango da ziur asko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Donostia argazkiak Iruñea azken orduko berriak Twitterreko albisteak Gasteiz berriak Albisteak Bideo-jokoak