Teknologia -

Informatika

Kanpamentu teknologikoak hitzaldiak emango ditu Euskal Encounterrean

Uztailaren 23an eta 24an hainbat hitzaldi eta ikastaro antolatu ditu kanpamentu teknologikoak. Guzti horiek doakoak izango dira eta Euskal Encounterraren parte izango dira.

2015ean kazetarientzako pretatutako jarduerak antolatu zituzten. Argazkia: EiTB
2015ean kazetarientzako pretatutako jarduerak antolatu zituzten. Argazkia: EiTB
2015ean kazetarientzako pretatutako jarduerak antolatu zituzten. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kanpamentu teknologikoak doako ikastaroak eta hitzaldiak antolatu ditu larunbat eta igande honetan, Barakaldoko BEC erakustazokan. Jarduera horiek, uztailaren 22tik 25era izango den Euskal Encounterraren parte izango dira.

Lehenengo hitzaldia uztailaren 23an izango da, 12:00etatik 13:45era, eta filmen ikus-entzunezko esperientzia hobetzea helburu duen Ambilight deitutako teknologiaren nondik norakoak azalduko dituzte. Bigarren hitzaldia, ordea, igandean antolatu dute, 12:45etatik 14:45era, eta errealitate areagotuari buruz izango da. Bertaratzen diren pertsona guztiek, Unity izeneko teknologia erabiliz sortzen diren inguru birtualak ikusi ahal izango dituzte, edota HTC Viveren inguruko xehetasunak ezagutzeko aukera izango dute.

Gainera, kanpamentu teknologikoak bi ikastaro ezberdin antolatu ditu, 13 urtetik beherako umeei zuzenduta daudenak.

Larunbat goizean, LED motatako argi sareak programatzen erakutsiko diete bertaratutakoei. Bigarren ikastaroa igande goizean izango da, eta microbit ordenagailu txikiaren ezaugarri nagusiak azalduko dituzte.

Uztailaren 23an eta 24an izango diren ikastaro edota hitzaldi hauetan parte hartu nahi dutenek, Kanpamentu teknologikoaren web orrialde ofizialean eman beharko dute izena, toki mugatua baitago. Halaber, egun bakarreko sarrera eskuratzen dutenek, ekitaldi horretara joateko aukera izango dute bakarrik: ezin izango dira Euskal Encounterraren aretoan sartu eta ez dute WiFi pasahitza izango, antolatzaileek esan dutenez.

Kanpamentu teknologikoaren helburua gazteengan zientziarekiko, teknologiarekiko, ingeniaritzarekiko eta matematikekiko duten interesa piztea eta sustatzea da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Bizkaian? Barakaldo Bilbao Exhibition Centre Eguneko albisteak Eguneko albisteak Euskal Encounter gaur