Teknologia -

Europan lehen aldiz

Blablacar zigortu dute Madrilen, zerbitzu publikoa eskaintzeagatik

Madrilgo Erkidegoaren arabera, BlaBlaCarrek ez du inolako baimenik zerbitzu publikoa eskaini ahal izateko, eta ondorioz, 8.000 euroko zigor larria ezarri diote.

Argazkia: www.blablacar.es
Argazkia: www.blablacar.es
Argazkia: www.blablacar.es

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

BlaBlaCar, erabiltzaile ezberdinek ibilgailu bakarra partekatzea helburu duen zerbitzua, zigortu dute Madilen. Madrilgo Erkidegoak ohar baten bidez jakinarazi duenez, “zerbitzu publikoa eskaintzeko baimenik ez izateagatik” zigortu dute aurrenekoz Europan konpainia hori.

Madrilgo Erkidegoaren arabera, BlaBlaCarrek ez du inolako baimenik zerbitzu publikoa eskaini ahal izateko, eta ondorioz, 8.000 euroko zigor larria ipini diote konpainia frantsesari.

Era berean, konpainia horrek 800 euro ordaindu beharko ditu zerbitzu publikoa iragartzeagatik (horretarako baimenik izan gabe).

Zehazki, BlaBlaCar konpainiak Lurreko Garraioen Antolaketari Buruzko Legearen 140.2 eta 141.7 artikuluak urratu dituela esan du Madrilgo Erkidegoak.

Beste alde batetik, zerbitzu horretako bi gidari zigortu ditu Erkidego horrek, zerbitzu hori eskaini ahal izateko baimenik ez zutelako. Bakoitzari, 4.000 euroko isuna ezarri dio Madrilgo Erkidegoak.

“Espainian indarrean dagoen legea aldatu gabe jarraitzen duen bitartean, konpainia horrek eskaintzen duen zerbitzua ilegala izaten jarraituko du”, azaldu du Pablo Rodriguez Madrilgo Erkidegoko Garraio saileko zuzendari orokorrak.

BlaBlaCarren jarrera

BlaBlaCar konpainiaren arabera, aldiz, zerbitzua eskaintzen duen herrialde bakoitzean indarrean dagoen legea errespetatu du beti eta tokiko administrazio arduradunekin lan egin du.

Espainian duela sei urte hasi zirela zerbitzu hori eskaintzen. Denbora honetan, “3.000.00 erabiltzaile baino gehiago” izatera heldu direla gaineratu du BlaBlaCar konpainiak, eta inoiz ez dietela inolako zigorrik jarri nabarmendu du. Azkenik, presentzia duen beste 21 herrialdeetan ere ez dietela zigorrik ezarri esan du BlaBlaCarrek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europa Espainia argazkiak Ekonomia Gaurko azken ordukoa Madrilgo gertakizunak Aplikazioen albisteak VTC zerbitzua