Teknologia -

Konfiantza galdu zuen

Note 7ren zirkuitulaburrek eragin zuten Samsungek 4.863 milioi galtzea

Galaxy Note 7 telefonoak su hartzeko eta eztanda egiteko arrazoiak argitzeko egin duen ikerketaren emaitzak jakinarazi ditu enpresak. Telefono hori ekoizteari utzi behar izan zion.

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Samsung Electronics enpresak jakinarazi duenez, baterietako okerrek eragiten zuten Galaxy Note 7 telefonoek su hartzea eta, ondorioz, ekoizteari utzi behar izatea.

Hala adierazi du Koh Dong-jin telefonia mugikorra saileko arduraduna, Seulen aurkeztu duen ikerketan.

Kohren esanetan, enpresak kontsumitzailearen "konfiantza berreskuratzeko" beharra zuten eta, hori dela eta, telefonoek su hartzeko eta eztanda egiteko zergatiak argitzeko txostena eskatu zuten. Galaxy Note 7aren okerrengatik 6,1 milioi won (4.863 milioi euro/5.209 milioi dolar) galdu ditu enpresak aurreko urtean.

Ikerketaren arabera, ikertu dituzten ion-litio baterietako batzuek barneko zirkuitulaburrak izan zituzten eta, gainera, horietako batzuek ez zuten isolatzeko gairik, ekoizpen prozesuan akatsak izan zirelako.

Txostena hilabetean egin du enpresak berak, beste hiru organizaziorekin batera: UL eta Exponent aholkularitza enpresak eta TÜV Rheinland ikuskaritza tekniko eta zertifikaziorako enpresa alemaniarra.

Kohk azaldu duenez, 700.000 bat ikertzailek eta ingeniarik 200.000 telefono eta 30.000 bat bateriak kargatu eta berriz agortu zituzten, okerrak atzeman eta ikertzeko.

Galaxy Note 7ren 'phablet'en arazoek kalte handia egin zioten Samsung Electronics munduan telefono mugikor gehien ekoizten dituen enpresaren irudiari, baita horren irabaziei ere.

Enpresak datozen orduetan argitaratuko ditu iazko laugarren hiruhilekoaren eta urte osoaren emaitzak. Nolanahi ere, apur bat gora egitea ere espero da, txip eta pantailen salmentak igo egin direlako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Telefonia mugikorra berriak Albisteak