Teknologia -

Ahalmen handiagoa

Lehen ordenagailu kuantikoa sortzeko plana aurkeztu dute

Asmakuntza berriak iraultza handia sortuko luke, lehen ordenagailuak ekarri zuen aldaketa bezala.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazioarteko ikerlari talde batek lehen ordenagailu kuantikoa sortzeko plana aurkeztu du asteazken honetan. Science Advances aldizkari akademikoak zabaldu duen ikerketa baten arabera, munduko ordenagailurik ahaltsuena izango litzateke. Hala, asmakuntza berriak iraultza handia suposatuko luke zientziarentzat, industriarentzat eta oro har merkataritzarentzat ere.

Proiektu horren atzean nazioarteko zientzialari talde bat dago. Zehazki, Erresuma Batuko Sussex unibertsitatea, Google enpresa, Danimarkako Aarhus unibertsitatea, Japoniako Riken laborategia eta Alemaniako Siegen unibertsitatea dira asmakizun horri babesa ematen dietenak.

Ordenagailu kuantiko sortzeko plan horretan irakurri daitekeenez, inoiz sortu den ordenagailurik ahaltsuena izango litzateke.

Zientziaren esparruari dagokionez, ordenagailu berria zalantza ugari argitzeko gai izango da. Halaber, bizitza salbatu dezaketen sendagaiak sortzen edota espazioari buruzko galderak argitzen lagunduko die ikerlariei. Horrenbestez, egungo ordenagailu arrunt batek eskaini ezin duen laguntza emateko gaitasuna izango du lehen ordenagailu kuantikoak, ziurtatu du Sussexeko unibertsitateak ohar batean.

Ordenagailu kuantikoak askoz ahalmen handiagoa dauka, izan ere, bit kuantikoak erabiltzen ditu. Hala, aldi berean hartzen ditu 0  eta 1 balioak, kalkuluak azkarrago eginez.

Egun ezagutzen ditugun ordenagailuen konexioari dagokionez, guztiek zuntz optikoa erabiltzen dute. Ildo horretatik, proiektu berria aurrerapauso bat suposatzen du, ioi elektrikoei garrantzia handiagoa ematen baitie. Horrek, ordenagailu kuantikoaren konexioa 100.000 aldiz azkarragoa izatea ahalbidetzen du.

Winfried Hensinger Sussexeko unibertsitateko irakasleak azaldu duenez, ordenagailu kuantiko erreala sortzea posible den zalantzan jarri da askotan, baina nazioarteko  ikerlari taldeak aurkeztutako planarekin posible dela frogatu dute.

Ordenagailu kuantiko baten prototipoa sortzea izango da nazioarteko ikerlari talde horren hurrengo urratsa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko azken orduko albistea Zientzia albisteak