Teknologia -

Sare Sozialak

Facebookeko argazkiak baimenik gabe argitaratzea debekatu du Gorenak

Auzitegi Gorenaren esanetan, sare sozial batera argazki bat igotzeak ez dio beste bati baimena ematen baimenik gabe erabili eta argitaratzeko.

Argazkia: Spencer E. Holtaway
Argazkia: Spencer E. Holtaway
Argazkia: Spencer E. Holtaway

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenak epai batean adierazitakoaren arabera, pertsona baten Facebookeko profiletik ateratako argazki bat erabiltzeko baimen zehatza behar da, bestela, norbere irudiaren eskubidea urratzen delako.

Auzitegi Gorenak ebatzi duenez, La Opinion de Zamora egunkariak 15.000 euro ordaindu beharko dizkio gizon bati, Facebooken argitaratutako argazki bat paperezko edizioko albiste bat ilustratzeko erabiltzeagatik. Egunkariko arduradunek gizonaren irudia kaltetu zuela uste du epaileak.

Salaketa jarri zuen gizonari buruzko erreportaje batek eragin zuen gatazka. Protagonistaren anaiak suzko arma batekin eraso egin zion, eta horren berri emateko erabili zuen hedabideak argazkia. Gainera, tiroa egin zuen pertsonak bere buruaz beste egin zuela kontatu zuten.

Albistea 2013ko uztailaren 8an argitaratu zuten La Opinión-El Correo de Zamora egunkarian, eta salatzailea identifikatzea ahalbidetzen zuen datuak jakinarazi zituzten. Hala ere, Auzitegi Gorenaren iritziz, ez zuten intimitate-eskubiderik urratu.

"Profilaren titularrak interneteko sare sozial batera publikoak oro har ikus dezakeen argazki bat igotzeak ez dio hirugarren bati baimenik ematen hedabide batean jabearen baimenik gabe zabaltzeko", dio epaiak.

Horrez gain, testuan gaineratu duenaren arabera, "argazkiaren jabeak blog batean edo profil publiko batean ikusteko baimena emateak ez du esan nahi beste modu batera hedatzeko aukera dagoenik".

"Jabeak ezin dio erreklamaziorik egin sare soziala kudeatzen duen plataforma elektronikoaren enpresari beste batek baimenik gabe argazkiren bat erabili duelako", zehaztu du.

Hala, egunkariak ezin izango du argazkia berriz argitaratu eta kendu egin beharko du artxiboetan dituzten aleetatik.

Intimitateari dagokionez, Auzitegi Gorenaren aburuz, egunkariak ez zuen "muga morbosorik gainditu".

Gainera, honako hau ondorioztatu du epaitegiak: "Zamora bezalako eremu geografiko mugatu batean, artikuluan emandako informazioak ezin zuen inolako eraginik izan mota horretako gertakari bati buruz inguruko bizilagunek izan zezaketen ezagutzan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Facebook azken ordukoa Teknologia Auzitegi Gorena argazkiak Sare sozialak gaur Albisteak