Teknologia -

Telcom'17

Telekomunikazioen alorreko 300 aditu bilduko dira Gasteizen

Maiatzaren 25ean eta 26an FENITEL elkarteak Telcom’17 batzarra egingo du Europa Biltzar Jauregian. EiTB ere ekitaldi horretan izango da.

Irrati-estudioa. Artxiboko argazkia: EiTB
Irrati-estudioa. Artxiboko argazkia: EiTB
Irrati-estudioa. Artxiboko argazkia: EiTB

EITB.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Telekomunikazioen, Ikus-Entzunezkoen eta Industria Digitalaren 300 adituk bat egingo dute Gasteizen ostegun eta ostiral honetan. Zehazki, sektorearen erronka nagusiak izango dituzte hizpide Europa Biltzar Jauregian egingo den ekitaldi horretan.

Azken urteotan bezala, Espainiako Telekomunikazio Enpresa Instalatzaile eta Integratzaileen Elkarteak (FENITEL) antolatu du Telcom’17 batzarra, eta honakoa izango da aurtengo leloa: “Denok batera konektatutako etorkizun digital baterantz”.

Ekitaldia zuzenean jarraitzeko aukera egongo da, streaming bidez. Ostiral honetan, aparteko adituek hartuko dute hitza batzarrean, eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak emango dio hasiera ekitaldiari. Fabrikatzaileei, operadoreei eta administrazio publikoei zuzenduta dagoen ekitaldia lau multzo nagusitan banatu dute.

Eguneko gai zerrendaren lehen atalean, herritarren eta unibertso digitalaren artean dagoen aldea murrizteko erronkei buruz hitz egingo dute. Halaber, edukien babesa, haririk gabeko sare berriak eta XXI. mendeko hiriek behar dituzten konponbideak izango dituzte hizpide.

Bigarren eta hirugarren multzoetan, hurrenez hurren, UHF transmisioaren erabileraz Europar Batasunak lortutako akordioaren gainean (datuak azkarrago bidaltzeko, mugikorrek erabiliko duten 5G zerbitzuak eta LTD seinaleak elkarrekin biziraun beharko dute) eta telebistaren etorkizunaren inguruan hitz egingo dute.

Ildo horretatik, etxebizitzetan zerbitzuak digitalizatzeko Industria Digitalak eskaintzen dituen aukera berriak aurkeztuko dituzte. Halaber, hoteleko zerbitzua hobetzeko teknologia berriek ematen dituzten aukerak izango dituzte mintzagai. Azkenik, 4.0 Industrian Gauzen Internet (IoT, ingelesezko sigletan) tresnari buruz hitz egingo dute.

Eusko Jaurlaritzaz gain, enpresa hauek ere hartuko dute parte ekitaldian: AMETIC, FENITEL, RTVE, UTECA, EiTB, CENTAC, Cellnex Telecom, Hispasat, Itelazpi, Fermax, Golmar, Ikusi eta Televes. Sektorearekin lotura duten gaur egungo berriak aztertuko dituzte bertan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Araba Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gasteiz berriak Eguneko albisteak