Teknologia -

Metro Bilbao

Beste bi geltoki Bilboko metroan doako WiFiarekin: Abando eta Indautxu

Aste Nagusiko jaiak baliatu dituzte sarea zabaltzeko. Honezkero 12 geltokik eskaintzen dute zerbitzua.

Bilboko Metroaren geltokietako bat. Artxiboko argazkia: EiTB
Bilboko Metroa. Argazkia: EiTB
Bilboko Metroaren geltokietako bat. Artxiboko argazkia: EiTB

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abuztuaren 18az geroztik, Bilboko Metroko bidaiariek beste bi geltoki dituzte WiFia dohain edukitzeko: Indautxu eta Abando. Hala, 12 dira jada zerbitzua eskaintzen duten 1 eta 2 lineako geltokiak.

"Bidaiari asko dituzten" bi geltoki dira Bilboko erdigunean dauden horiek; Aste Nagusiko jaietan, gainera, "biderkatu" egiten da bidaiarien joan-etorria. Hori horrela, data horiek aukeratu dituzte sarea zabaltzeko, Wifinova enpresak ohar batean azaldu duenez.

Indautxun eta Abandon ez ezik, beste 10 geltokitan ere badago WiFia doan. Bilbon bertan, San Mames, Moya, Zazpikaleak eta Sarriko geltokietan. Eskuinaldean, Leioan, Areetan eta Algortan; eta Ezkerraldean, Gurutzetan, Sestaon eta Santurtzin. Datozen hilabeteetan zerbitzua geltoki gehiagotan jartzea da asmoa, helburua 2022rako 1 eta 2 lineako geltoki guztietan eskuragarri izatea baita.

Bilboko Metroak Wifinova enpresarekin sinatuta duen kontratua dago ekimena oinarrian. 2015ean proiektu pilotua jarri zuten martxan, eta "arrakasta" ikusita, geltoki guztietara zabaltzea adostu zuten biek.

Zerbitzua martxan jarri zenetik, 10 milioi bisita jaso ditu TUWI Metro atariak (horren bidez konektatu behar da erabiltzailea), eta Interneterako 350.000 sarbide izan dira hilean, batez beste. Bisita gehien izan dituen geltokia San Mames izan da, eta Moya eta Zazpikaleak dira hurrengoak zerrendan. Aipagarria da, halaber, Areetan, Sarrikon eta Gurutzetan izandako erabilpena.

TUWI atarira konektatuta, geltoki eta eguneko, gutxienez 15 minutuko Interneterako doako sarbidea dute erabiltzaileek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aste Nagusia Bilboko albisteak Metro Bilbao albisteak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Zazpikaleak Bilbo