Teknologia -

Sare sozialak

Txioak 280 karakterera handitzea probatzen ari da Twitter

Soilik hizkuntza batzuentzat aurreikusitako neurria da, japonieraz, koreeraz edo txineraz beste hizkuntza batzuekin baino askoz informazio gehiago eman baitaiteke.

Argazkia: Twitter
Argazkia: Twitter

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Esperimentu bat abiatu du Twitterrek erabiltzaile kopuru mugatu batek 280 karaktererainoko txioak idazteko aukera izan dezaten, egun sare sozialak eskaintzen dituen 140 karaktereen muga erabili beharrean.

Twitterreko erabiltzaileek erabiltzen duten hizkuntzak erabili beharreko karaktere kopurua baldintzatzen du. Hau da, japonieraz, koreeraz edo txineraz beste hizkuntza batzuekin baino askoz informazio gehiago eman daiteke; esaterako, ingelesarekin, gaztelaniarekin, portugalerarekin edo frantsesarekin baino gehiago.

Aliza Rosen Twitterreko Product Managerraren eta Ikuhiro Ihara Twitterreko Senior Software Engineerraren arabera, "mundu osoko erabiltzaileek gauzak modu sinplean adierazi ahal izatea" nahi du Twitterrek, eta, hori dela eta, 280 karaktereko muga probatzea erabaki dute.

Esperimentu horretan, beren hizkuntzan esaldiak laburtzeko beharra duten erabiltzaile talde batek parte hartuko du, baina ia erabiltzaile guztiak daude egoera horretan, japonieraz, koreeraz eta txineraz hitz egiten dutenak kenduta.

Barne txosten batek azaleratutako datuak kontuan hartuta hartu du Twitterrek erabakia. Erabiltzaileek txio bat idazteko behar duten lekua zehaztu dute bertan. Adibidez, japonieraz idatzitako mezuen % 0'4k baino ez du leku osoa betetzen; ingelesez, berriz, txioen % 9k betetzen dute leku hori.

Gainera, ikerketa horren arabera, tuit gehiago bidaltzen dira mezuak 140 karakteretan mugatu behar ez dituzten (edo karaktereak soberan dituzten) herrialdeetan.

Rosenen eta Ihararen hitzetan, Twitterrek "datuak eta erabiltzaileen erantzunak" jasoko ditu, eta, ondoren, erabaki bat hartuko du, baina "garrantzitsuena komunitatearentzat erabilgarria izatea da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Twitterreko azken albisteak Sare sozialak albisteak Gaurko azken ordukoa