Teknologia -

Sare Sozialak

Ilegorriek eta ile-kizkurrek emoji propioa dute

157 emotikono ailegatuko dira smartphoneetara abuztu eta iraila bitartean. Horien artean aurpegi berriak, objektuak eta animaliak egongo dira. Super-heroiak, eltxoak, kanguruak.

agentzia | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emotikonoen hizkuntza sortzen duen erakundeak, Unicodek, iragarri du emoji berriak egongo direla urtearen bigarren zatian eta Emoji 11.0 bertsio estandarrean jasoko dituzte.

157 emotikonok osatuko dute Unicoderen estandarra, eta horien artean aurpegi berriak, objektuak eta animaliak egongo dira. Pertsona ilegorriak, ile-kizkurrak, super-heroiak, bilauak, eltxoak, kanguruak, berotasun, hoztasun eta zorabio sentsazioak, besteak beste.

Orotara 2.823 emojiren artean erabaki ahal izango du erabiltzaileak bere elkarrizketetan txertatzeko. Egungoek dituzten bi ezaugarri partekatuko dituzte diseinu berriek: pertsonalizatu ahalko dira, azal koloreari dagokionez, eta generoa hautatu ahalko da.

Emojiak ekainean ateratzea aurreikusten du Unicodek, baina abuztu edo irailera arte ez dira smartphoneetara helduko. Hala ere, 157 diseinuak ikusi nahi dituenak Emojipedian ditu ikusgai, ereduak dira soilik, behin betikoak ekainean kaleratuko baitituzte.

2019ra begira, liburuan emojiak sartzeko proposamenak onartuko dituela iragarri du Unicodek. Martxora arte egongo da zabalik proposamen epea eta datorren urtean kaleratuko dituzte Emoji 12.0 izenarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sare sozialak berriak Eguneko albisteak