Teknologia -

Datuen babesa

Nola jakin zer dakien Facebookek zuri buruz

Sare sozialak erabiltzaile bakoitzari buruz zer informazioa dauka jakiteko gida.

Facebooken logoaren irudia.
Facebooken logoaren irudia.
Facebooken logoaren irudia.

uxue martin | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mark Zuckerberg Facebooken sortzailea datuen filtrazio eskandaluan murgilduta dago orain, Cambridge Analytica konpainiak sare sozial horretako 50 milioi konturen baino gehiagoren datu pertsonalak bildu dituela jakin denetik. AEBko 2016ko hauteskunde presidentzialen emaitzan eragiteko eta boto-emaileen erabakia manipulatzeko egin zuen datu bilketa enpresak.

Momentu horretatik aurrera, datuen babesaz kezkaratu dira erabiltzaile asko, besteak beste, Facebookek zer eskuratzen duen eta zer saltzen duen jakiteko. Erabiltzaileen datuak, hein handi batean, horien onespenarekin jasotzen ditu, Pribatutasun Politika onartuz gero.

Zein informazio du Facebookek?

Hori jakin nahi izanez gero, jarraitu pauso hauei:

Norberak ikus ditzake Facebookek dituen datuak, zein motatako datuak erabiltzen ari diren jakiteko. Horretarako, kontu ezarpenetan sartu behar da “Kontuaren Ezarpen Orokorrak” atalean, eta “Zure datuen kopia bat deskargatu” esteka bilatu bertan.

Minutu gutxiren buruan, datuak deskargatzeko esteka helduko zaizu. Bertan, .zip artxibo konprimatu bat egongo da, norberaren jardueraren araberako tamaina izango duena. Deskonprimatu ostean, bost karpeta aurkituko dituzu izen hauekin: “Argazkiak”, “Bideoak”, “Mezuak”, “Index” eta “Html”.

“Index” karpetak edukiak era ikusgarrian eskaintzen ditu, “Bideoak” izenekoak erabiltzaile bakoitzak sare sozialera igo dituen bideo guztiak ditu, “Argazkiak” karpetan berdina; Facebookera igotako argazki guztiak daude (besteak beste, argazkien geolokalizazioaren datuak ditu) eta “Mezuak” izenekoan erabiltzaileak bidalitako eta jasotako mezuen bilduma dago.

“Html” karpeta da enpresentzat garrantzitsuena erabiltzaileak sakonago ezagutzeko. Bertan, .html fitxategi batzuk daude, nabigatzailean zuzenean ireki daitezkeenak: “Ads”, “Apps”, “Contact_info”, “Events”, “Friends”, “Messages”, “Photos”, “Security”, “Timeline” eta “Videos”.

Ads

Bakoitzaren inguruko irudia nolakoa den jakiteko balio du “Html” karpetak. Ads artxiboak erabiltzailea eta iragarkiak nola lotzen diren ikus daiteke. Facebookek sortutako zerrenda ageri da fitxategi horretan, erabiltzaile bakoitzari zein motatako publizitatea bidali zehazteko irizpideekin. Bestalde, sare sozialak badaki zein iragarkitan egon zaren interesaturik  (“Iragarkien historia” ikusi behar da hori jakiteko), eta batek bere jardueran zein iragarkiren gainean egin duen klik erakusten du.

Leku berean, zenbat enpresak eskuratu duten zure profilaren informazioa erakusten du Facebookeko fitxategiak “Zure kontuaren informazioa dute” atalean.

“Html” karpetan jarraituz gero, sare sozialean egindako saio guztien jarduera-zerrenda dago “Security” fitxategian; saio bakoitza zein egunetan eta ordutan eta zein gailu eta nabigatzaile erabiliz egin den ikus daiteke hor. Horrez gain, segurtasun atalean egindako aldaketa guztien erregistroa dago hor.

Facebooken dituzun kontaktuak eta haiekin izandako elkarrizketak ere publikoak dira. Izan ere, mugikorraren bidez kontatuen zerrendara sartzeko baimena ematen denean (lagunak bilatzeko, esaterako), mugikorrean dituzun kontatu guztiak gordetzen ditu. “Contact_info” artxiboan daude guztiak ikusgai.

Noiztik gara lagun? Galdera horri ere erantzuteko gai da Fabebook. “Friends” dokumentuan gordetzen ditu zure lagun guztien izenak, noiz egin zineten adiskide sare sozialean, eskaera, onarpen eta ezeztapen data. Azkenik, zure jarduera osoak timeline bat dauka, izen bereko karpetan; bertan izena eman zenuenetik gaur egunera arte zer egin duzun jasotzen du.

Cambridge konpainiak nire datuak erabili ditu?

Bere irudia garbitzearren, Facebook galdera horri erantzuten hasi da jakinarazpenen bidez. Cambridge Analyticak zure datuak erabili dituen ala ez jakin nahi izanez gero, jakinarazpen atalean argituko duzu, “This Is Your Digital Life” izeneko toki bat debekatu duela esanez, leku horrek erabiltzaileen datuak partekatu baitzituen baimenik gabe. Gainera, mezuak esteka bat bidaltzen dizu zure datuak nora joan diren jakin dezazun.

Facebooken jakinarazpena jaso ezean eta zalantzak argitu nahi izanez gero, Facebookek web orrialde hau jarri du hori baieztatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Facebooki buruzko azken albisteak Sare sozialak berriak Gizartea albisteak Interneteko berritasunak