cerrar buscador

12:13

eguraldia

Iragarpena

Abisu horia ezarri dute haizeagatik eta 3,5 metroko olatuengatik

EiTB.EUS

100 km/h-ko abiadura gainditu dezakete ufadek haizeguneetan.

  • Negu giroa Añorgan. Argazkia: EiTB (Jon Altuna)

    Negu giroa Añorgan. Argazkia: EiTB (Jon Altuna)

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Tregoarik eman gabe jarraitzen du eguraldi txarrak. 09:00ak arte elurragatik indarrean zegoen abisu horia bertan behera geratu da, baina Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak beste bi ezarri ditu asteazkenerako: haize bolada gogorrengatik, bata, eta olatu handiengatik, bestea.

Aurreikusitakoaren arabera, ufadek 100 km/h-ko abiadura gainditu dezakete haizeguneetan, gauerditik hasita asteazkeneko 06:00etan. Mendebaldeko mendi inguruetan joko du gogorren. Toki babestuagoetan, 60-70 km/h inguruko haize boladak izango dira.

Horrez gain, beste abisu hori bat ezarri dute itsasaldeko arriskuagatik. Abisua asteazkeneko 06:00etatik 15:00etara egongo da indarrean, lehenengo bi milietan, nabigazioarentzat. 3,5 metroko olatuak egon daitezke, bereziki eguerdi aldean. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 1,5 eta 2 metro arteko olatuak altxatuko ditu. Goizaldean eta goizean goiz, hego-mendebaldeko haizea ipar-mendebaldera aldatuz joango da kostaldean, 90 km/h inguruko haize-boladekin.

Iragarpena

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, astearte honetan aroak hoberantz egingo du zertxobait. Goizeko lehen orduetan, oraindik ere zaparradak botako ditu, ipar partean batez ere, baina gero eta sakabanatuagoak izango dira. Arratsaldean, atertuz joango da, nahiz eta ekialdeko zenbait lekutan oraindik ere zerbait busti dezakeen. Haizeak ipar-mendebaldetik joko du, eta hego-mendebaldera aldatuz joango da arratsalde eta gau partean, eta zakartu egingo da.

Asteazkenean, okerrera egingo du giroak. Goizean, fronte batek lurraldea zeharkatuko du, eta zerua erabat estalita geratuko da. Euri dezente egingo du orduan, sarriago ipar partean. Arratsaldean, pixkanaka atertuko du, eta hego partean erabat atertzea espero da. Goizaldean hego-mendebaldeko haizeak joko du, baina ipar-mendebaldera aldatuko da goizean goiz, bolada gogor batzuekin kostaldean. Tenperaturak gora egingo du, eta maximoek 10 ºC-ren muga gaindituko dute.

Ostegunean, eguraldiak hobera egingo du. Hala ere, hodei ugari egongo da ipar partean, kostaldean bereziki, eta han-hemenka euria egin dezake, batez ere ekialdean. Hegoaldean, hodeiak eta ostarteak ikusiko dira, eta ateri eutsiko dio. Haizeak mendebaldetik joko du ahul-bizi. Tenperaturak beste koska bat egingo du gora, barnealdean bereziki.

Iruzkinak