Itxi

next station

next station

next station

Finalistak

Next Stationeko hiru proiektu finalistak aukeratu dituzte

eitb.eus

50 talentuk aurkeztu dituzte euren ideiak Next Stationen, XXI. mendeko entretenimenduaren aldeko apustu indartsua egiten duen ikus-entzunezko formatu berrien laborategiaren deialdian.

  • Maialen Sorzabalbere eta Amaia Rojo

    Maialen Sorzabalbere eta Amaia Rojo

Aditu talde batek eta ikus-entzuleek sare sozialen bitartez eman dituzten botoek erabaki dute zeintzuk diren euskaraz eta 4K puntako teknologia erabiliz egingo den lehen serie digitala grabatzeko ideia hoberenak aurkeztu dituztenak. Aukeratutakoak Maialen Sorzabalbere eta Amaia Rojo, Andoni Imaz eta Kepa Errasti dira, eta hasi dira lanean euren proiektuak garatzen. Hilabete honen amaieran, prestakuntza espezializatua eskainiko duen egoitza artistikoa hasiko dute Bilbon, Bizkaiko Berrikuntza Faktoria (BBF). Hori amaitutakoan, hiru aukeratutakoetako batek bere ametsa bete ahalko du: EiTBn eskainiko den, nazioarteko jaialdietan ikusi ahal izango den eta Netflix edo HBO bezalako VOD plataformetan sartu ahal izateko nazioarteko merkatura ere zabalduko den euskarazko seriea grabatu ahalko du. Asmo handiko proiektua da, eta aukeratuko duten seriearen denboraldi osoa (sei kapitulu) grabatzeko lana ere hartzen du.

MAIALEN eta AMAIA Next Station Maialen Sorzabalbere eta Amaia Rojo, biak ere 1996an jaiotako donostiarrak, umetatik dira adiskideak. Betidanik atsegin izan dute antzerkia, eta ikus-entzunezko lehiaketa eta proiektu askotan hartu dute parte, zale gisa. Amaia Historia graduko azken ikasturtea ari da egiten, eta Maialen Zuzenbide eta Komunikazio gradu bikoitzeko azken-aurrekoa.


Euren webseriearen ideia, aniztasunak eskaintzen duen aberastasuna erakustea da, koman dauden lau gaixoren eta beraien familien artean ezartzen diren harremanen bitartez: gor-mutu bikotea, ijito bikotea, bi amak osatutako bikotea… Hasiera batean talka egingo dute, baina, pixkanaka, euren senideek ezkutuan elkar ezagutzen zutela ikusita, lankidetza eta batasun loturak sortuko dira horien artean, oso desberdinak izan arren. Suspensea, umorea eta drama uztartuko dira ikus-entzule guztiei zuzenduta dagoen serie honetan.

ANDONI IMAZ next stationAndoni Imazek (Zumarraga, 1996) aurkeztu duen proiektua gazte “euskaltzaleentzat” dago pentsatuta. Errealitatearen eta fikzioaren artean, musika taldea osatu nahi duten unibertsitateko bi adiskideren gorabeherak kontatzen ditu. Hirugarren kidea falta zaie taldea osatzeko. Serieak casting-aren gorabeherak eta lehen maketa grabatzeko dirua lortzeko Euskal Herrian egingo dituzten joan-etorriak kontatuko ditu. Sortzailearen eta bere taldearen helburua sareko euskal komunitateari bultzada ematea da, bi osagai nagusi (musika eta euskara) dituen webserie honen bitartez.

Imaz Ikus-entzunezko Komunikazio graduko laugarren ikasturtea ari da egiten Mondragon Unibertsitatean, eta bost adiskide eta ikaskide dira bere aurpegia duen egitasmoaren osagarriak: Josu Artutxa, Patxi Irigoyen, Iñigo Otaegi, Kike Otegi eta Ibai Zabala. Imazek esan duenez, interes berezia sortzen dio Internetek “ikus-entzunezko joko eremu gisa”, sarerako egiten diren proiektuek beste arau batzuk dituztelako, ikus-entzunezko beste formatuenak ez bezalakoak.

KEPA ERRASTI Next StationHirugarren finalista, Kepa Errasti (Aretxabaleta, 1981), soslai profesionalena erakusten duena da: hamar urte baino gehiago daramatza antzezle eta gidoilari gisa lanean, antzezlanetan hartu du parte, “Mami Lebrun” lanean, adibidez, eta baita telebistako “Goenkale” saioan ere, eta “Maritxu” eta “Aitona Mantagorria” film laburrak zuzendu ditu. Bere burua antzezle gisa ikusten du, eta ez du baztertzen, azkenean bere proiektua bada grabatzen dena, zuzendaria izateaz gain, antzezle gisa ere aritzea. Kazetaritzan lizentziatu ondoren, Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean ikasi zuen. Finalera heldu den bere proiektua, seme-alaba bat izan nahi duten 8 pertsonaren istorioa da, 4 bikoterena, alegia. Kamerak hiru egoeratan jarraitzen die: erditze aurreko klaseetan, banakako elkarrizketetan eta kamera ezkutu gisa. Batzuetan umore beltzera hurbiltzen den umore sarkastikoa duen seriea da.

 

Goi errendimenduko egoitza BBFn eta Tabakaleran
Lau gazte sortzaile horiek hasi dira jadanik euren proiektuetan lanean, eta martxoaren 26tik 29ra prestakuntza ibilbide berritzailea hasiko dute Bilbon, Bizkaiko Berrikuntza Faktorian. Horri esker, euren proposamenak hobetu ahal izango dituzte, ekoizpen azkarrerako dinamikekin eta ideiaren ibilbidea sare sozialetan testatuz. Adituz inguratuta, euren proiektuaren “bibliari” emango diote forma. Horren barruan, sinopsia, gidoiaren tratamendua eta euren serieetako pertsonaien psikologia landuko dira. Prestakuntza gehienbat praktikoaren bitartez, edukiaren prototipoak egiteko eta ideiari bideragarritasuna emateko aukera izango dute, lehen kapituluaren gidoia idatziz. Serie digitalen aldeko euskal apustuak, Luis Berasategi BBFko zuzendari eta Mondragon Unibertsitateko MIK (Mondragon Innovation & Knowledge) zentroko ikertzaileak sortu duen metodologia propioa du.

BBFko egoitzaren eta azken aukeraketaren ondoren, proiektu irabazleak garatzen jarraituko du 2DEOn, Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan sortu den euskarazko ikus-entzunezko edukiak sortzeko laborategi berrian. Webseriearen 6 kapituluen gidoia garatzen jarraitu ahalko dute bertan, Next Station bultzatu duten Diego Urruchiren, Elbio A. Nielsenen eta Jokin Etcheverriaren laguntzarekin, eta baita Joanes Urkixo gidoilariaren eta euskal zuzendari batzuen laguntzarekin ere.

Grabatu ondoren, EiTBn, Interneten eta webserie jaialdi nagusietako batzuetan eskainiko da, aurten laugarren edizioa beteko duen Bilboko serie digitalen Bilbao SeriesLand jaialdian, besteak beste. Horrez gain, serie irabazlea nazioarteko zenbait jaialditara joango da, nazioarteko hedapena bermatzeko eta eskariaren araberako entretenimendu (VOD) plataformek eros dezaten, HBOk edo Netflixek, besteak beste.

Aurrera jarraitzen du, beraz, Next Station proiektuak, ikus-entzule berriei zuzendutako eta Media Attack, Develop Hub eta J.O.K. Films euskal ekoizpen-etxeek bultzatutako ikus-entzunezko berrien laborategiak. EiTBrekin batera ekoitzitako plataforma Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen dute, eta EIKEN Ikus-entzunezkoen Euskal Clusterra, Eusko Jaurlaritza, Mondragon Unibertsitatea eta Euskaltel ditu laguntzaileen artean, Euskadin ikus-entzunezko digitalen sektorea bultzatzeko esfortzu bateratuan. Plataforma publiko-pribatuak talentu berrien aldeko apustua egin du, komunikazio eta informazio teknologien goraldiarekin puri-purian dauden ikus-entzunezko formatuak bultzatuz.

Next Stationek XXI. mendeko entretenimendurako proposamen berri diren serie digitalen alde Euskadin egiten ari den gero eta apustu sendoagoa islatzen du. Udazkenean egin zuen Next Stationek deialdia, serie digitala grabatzeko ideiak zituzten euskal sortzaileak bilatzeko. Lehiaketak serie baterako ideiak aurkezteko gonbidapena egin zien horretan interesa dutenei, profesionala izan edo ez, eta gehienez ere minutu bateko iraupena duen bideoa bidali behar izan zuten Next Stationeko Facebookera, proiektua azaltzeko “selfiea” edo narratzailea bidaliz.

Ikus-entzunezeko ekintzaileak
Euskal Herriko ikus-entzunezkoen sektoreko hiru gazte ekintzaile elkartu dira Next Station, formatu berrien laborategi aitzindaria, martxan jartzeko: Diego Urruchi, Media Attack transmedia-agentziaren sortzailea; Elbio A. Nielsen, Develop HUB komunitatearen sortzaile eta presidente (ikus-entzunezko proiektu berritzaileak bultzatzen ditu komunitate horrek eta sektoreko hainbat profesional biltzea lortu du arrakasta handiz) eta berrikuntza masterraren koordinatzailea; eta Jokin Etcheverria, J.O.K. films etxearen sortzaile eta Pirinioen bi aldeetako hainbat mediotan zinema-ekoizlea.

Ikus-entzunezko laborategian, prototipoak egiten, ikus-entzunezko formatuak lantzen, narrazio-molde eta teknologia berriekin esperimentatzen eta ideia berritzaileak nazioartera eramaten lagundu nahi diete sortzaileei. Ondoren, hautatuek aukera izango dute Next Station plataformaren kalitate-zigiluarekin nazioarteko merkatuetara jotzeko, bideragarritasun ekonomikoaren eta berrikuntzaren berme baita zigilu hori.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista
  • EITB