Itxi

EITB TALDEA

Eskuliburua

EiTBk Sare Sozialetan aritzeko dekalogo profesionala sortu du

L.S./M.A.

EiTB

Profesional bakoitzaren "marka pertsonala" kudeatzeko tresna izan nahi du. Aurretik beste gida bat zegoen EiTBko komunitateak kudeatzeko praktika onak azaltzeko.

Euskal Irrati Telebistak, euskal komunikabide talde publikoak, sare sozialak erabiltzeko laguntza dekalogoa sortu du profesionalentzat. Gida honek profesional bakoitzaren "marka pertsonala" kudeatzeko tresna izan nahi du. Dekalogoa aurretik egindako beste gida bat osatzera dator, EiTBko komunitateak Facebook eta Twitter sare sozialetan kudeatzeko praktika onak azaltzen zituena, hain zuzen ere. Eskuliburu hau urtero gaurkotzen da.

Gida profesionala eitb.eus-eko lantaldeak garatu du, Erredakzio kontseiluaren, Zuzendaritzaren eta Konbergentziako Multimedia lantaldeen ekarpenekin. Agiria osatzerako orduan, beste hedabide batzuek, elkarte profesionalek eta Europako eta Ameriketako Social Media adituek sortutako dokumentuak hartu dituzte kontuan.

Publiko artera zabaltzerakoan, eskuliburuen edukia aberastu eta garapenaren bidean jarri daitekeela uste du EiTBk. Horrez gain, gainerako hedabide publiko zein pribatuetan lan egiten duten profesionalen esku utzi nahi ditu eskuliburuok. Sare sozialen bidez eta networking@eitb.eus helbidean jasotako ekarpenak ongietorriak izango dira.

EiTBko profesionalen artean gidaliburu horiek ezagutarazi eta lan egiterakoan nola lagun dezaketen azaltzeko asmoz, urtea amaitu bitartean hainbat ekimen izango dira: aurkezpenak, prestakuntza eta material-banaketa, besteak beste.

‘Marka pertsonala’ eta ‘EiTB marka’

Alde batetik, dekalogoak bertsio laburra dakar. ‘EiTBn sare sozialak erabiltzeko eskuliburua’ dokumentuaren barruan dator, eta atariko argibideez gain puntuz puntu azalpenak eskaintzen ditu. Eskuliburuak EiTBren helburuak zeintzuk diren azaltzen ditu; azken orduko berrien, iritzien eta eztabaiden aurrean nola jokatu edota sare sozialetan erabiltzaileek argitaratzen dituzten mezuekin zelan jardun. Gainera, gidak etiketak nola erabili, eduki batekin zelan gailendu edo besteekin harreman egokiak nola izan azaltzen du.

Bestalde, lehendik sortutako eta egun gaurkotutako beste dokumentu batean EiTB taldeko markak nola kudeatu argitzen da. ‘EiTBren komunitateak kudeatzeko praktika onen gida’ agirian, sare sozialetan egoki jarduteko gomendioak ematen dira: nola sortu kontu bat, zertarako, zelan partekatu edukiak eta abar.

EiTB sareetan: 800.000 zale eta jarraitzale baino gehiago

EiTB komunikazio taldeak 800.000 zale eta jarraitzaile baino gehiago biltzen ditu sare sozialetan. Hala eta guztiz ere, kontuan hartu behar dugu asko eta asko lagun berberak direla, eta taldeko sare eta komunitate batean baino gehiagotan dutela izena emanda.

Facebookek erakartzen du kopururik handiena; bertan dagoeneko EiTBk milioi erdi jarraitzaile baino gehiago bereganatu eta 200 orrialde zabaldu ditu. ‘Vaya Semanita’ (orain ‘Euskadi Movie’) umorezko saioaren komunitateak ditu jarraitzaile gehien; 100.000 zale baino gehiago. Euskarazko komunitaterik jarraituena Euskarari buruzkoa da; ia 12.000 jarraitzaile ditu.

Twitterren ehun bat profil izango ditu EiTBk, eta denetara 240.000 jarraitzaile biltzen ditu. Komunitaterik handiena albistegien inguruan topatu dezakegu; @eitbNoticias-ek 38.500 lagun ditu eta @eitbAlbisteak profilak 7.700 jarraitzaile. Komunikabide publikoko profil korporatibo jendetsuena @gaztea dugu; euskaraz dago oso-osorik, eta 20.000 jarraitzaile ditu.

eitb.eus webguneko trafikoaren % 15 erakartzen dute sare sozialek, eta urtearen erdialdetik hona 100.000 erabiltzaile ditu EiTBk egunero-egunero.

Argitara eman berri diren datu eta dokumentu hauek 'Social Media Plana 2014-2015' agiriaren baitan daude. Enpresa askotan barne kudeaketa tresna gisa erabiltzen dira horrelakoak, eta EiTBk orain bost urte ekin zion hori osatzeari.