Itxi

EITB TALDEA

Abenduak 3

Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egingo du EiTBk

A.A.

EiTB

Euskal Herrian zehar egingo diren ekimenen irudi eta soinuen bilduma osatzeaz gain, eduki bereziak izango dira telebistan, irratian eta interneten.

  • EiTB, Euskararen Egunarekin

    EiTB, Euskararen Egunarekin

EiTBko hedabideek Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egingo dute gaur, abenduak 3. Euskal Herriko herri eta hirietan euskararen aldeko aldarria eginez antolatuko diren ekimenen irudi eta soinuen bilduma osatuko dute telebistako eta irratiko albistegietan eta saioetan. Halaber, eduki horiek guztiak ikusgai egongo dira eitb.eus webgunean.

Eguneko albisteen kontakizunaz gain, eduki bereziak ere izango dira. Honela, bada, ETB1ek Euskara Munduan, bost kontinenteetako 14 herrialdetan profil ezberdineko euskal hiztunen testigantzak jasotzen dituen dokumentala, eta Kalesareak, Bizkaiko gazteen errealitatea, aniztasuna, desioak, nahiak, zalantzak eta bizimodua erakusten duen road movie estiloko dokumentala, eskainiko ditu 22:15etik aurrera.

Bestalde, orduero, EiTBko komunikatzaile baten testigantza erakutsiko du, euskararen inguruan iruzkin edo hausnarketa eginez. Irratian, telebistan eta interneten aritzen diren 24 profesionalek euskararen aldeko keinu bat egingo dute.

Irratiei dagokienez, Radio Euskadiko 'Kultura.com' irratsaioak 'Kultura.eus' izena hartuko du Euskararen Nazioarteko Egunean. '.eus' komunitatera salto egingo duenetako bat izango da Idoia Jauregi kazetariak gidatzen duen albistegia. Izan ere, gaur bertan, Puntueus komunitatea abiarazteko prozesuan orain arte erregistratu diren domeinu-izenak aktibatzeko ekitaldi ofiziala egingo da EiTBren Bilboko egoitzan, Multibox aretoan . I¿ Urkullu lehendakariak eta Josu Wali¿untueus Fundazioko zuzendari nagusiak hartuko dute parte bertan.

Ekitaldi hori, hain justu, zuzenean eskainiko da eitb.eus-en streaming bidez. Horrez gain, gaur mundu osotik Twitter bidez euskaldunek bidaltzen dituzten txioak mapa batean jasoko dituzte EiTBko webgunean. Horretarako, jendeak bere Twitter kontua geolokalizatu egin beharko du eta etiketa ofiziala, eusgara, erabili beharko du. Horrela, mundu osoan euskaraz eta euskararen egunaren inguruan txiokatzen den guztia mapa batean modu bisual eta interaktiboan erakutsiko dute.

Halaber, Euskadi Irratian eta Radio Euskadin mikro-saioak egingo dituzte euskara eta teknologia berriak uztartuz. Euskadi Irratian euskarazko hitz solteak, iradokitzaileak, zabalduko dituzte uhinen bidez. Radio Euskadin, Enrique Rodal 'Konekta 2.0' irratsaioko gidariak euskara ikasteko aplikazio berriei buruzko aholkuak eskainiko ditu.

Bestalde, Gaztea irratiak 69 baietz! erronka jarri du martxan, euskarazko 69 sexu-hitz biltzeko asmoz. Asteazkenero, gai interesgarriak eta, aldi berean, bitxiak eramaten ditu Luziak 'Akabo Bakea' saiora. Sexu-kontuak hizpide hartuta, solasaldi dibertigarriak izaten dituzte Luzia eta sexua atalean, eta aurten Euskararen Nazioarteko Eguna asteazkena dela aprobetxatuz, sexu-hitzek tokiaren arabera hartzen dituzten formak aztertuko dituzte Gazteako jarraitzaileek bidalitako hitzekin.

Euskara Munduan

Zein da euskararen erabilera eremua?¿Zein dira euskaldunon hizkuntzaren mugak? Euskal Herria euskararen herria bada, ez al da gure herria uste baino handiagoa? Galdera hauek guztiak proposatuta, Euskara Munduan dokumentalak mundua zeharkatuko du, bost kontinenteetako 10 herrialdetan profil ezberdineko euskal hiztunen testigantzak jasotzeko. Herrialde txiro zein aberatsetan, Afrika sakonean zein Hong Kong bezalako hiriburu ekonomikoan, lanak, goseak, fedeak edota amodioak mugituta, protagonista guztiek ezaugarri komun bat dute: euskara.

Jatorrizko euskaldunak batzuk, euskal jatorririk gabeko kanpotarrak beste batzuk, baina guztiek dute gure hizkuntzarekin harreman estua. Hemen agertuko dira euren kezka nagusiak, ondorengotza linguistikoa utziko dutenak eta ez dutenak, etxera itzultzea baztertu dutenak eta urrun egonagatik ere euskaraz bizi direnak.

I¿ Asensio kazetariaren dokumentala da Euskara Munduan.

Kalesareak

Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako K programan parte hartu duten ikus-entzunezkoek osatzen dute Kalesareak dokumentala. Programa honen helburua euskarazko espazio ireki bat sortzea da, 18-30 urteko gazteak aktiboak izan daitezen euren kezken aurrean proposamenak eta irtenbideak bilatzen.

Honenbestez, Bizkaiko gazteen errealitatea, aniztasuna, desioak, nahiak, zalantzak eta bizimodua erakutsiko du Kalesareak dokumentalak. Kamerak eskuetan, lokal, ikastetxe, etxe eta gaztelekuetatik kalera irten dira, euren sormen gaitasun mugagabearekin bideo, erreportaje eta artelanak eskaintzeko. Arlo ugari jorratu dituzte: sexua, ikasketak, lana, euskara, etxebizitza, komunikazioa, kultura... Den-dena, gazte euskaldunen nortasun propioaz aztertuta.

Kilometro ugari egingo dituen road movie bat dugu, Bizkaian hasi eta Kaliforniako Bakersfielderaino iritsi dena, nortasuna, bitxikeriak, sormena eta gaztetasuna aztertu, neurtu, ikasi eta partekatuz.