Itxi

EITB TALDEA

Euskadin

EiTBk komunikazio ez sexistarako kode deontologikoarekin bat egin du

EiTB

Bilbao

Komunikabide eta publizitate-agentzietan komunikazio ez sexistaren erabilera sustatzeko konpromisoa lortzea helburu duen kode deontologikoaren atxikitze sinaduran Odile Kruzetak parte hartu du.

  • Argazkia: Irekia

    EiTBk komunikazio ez sexistarako kode deontologikoarekin bat egin du. Argazkia: Irekia

Gaur, otsailak 26, Gasteizko Lehendakaritzaren egoitzan, Euskadin komunikazio eta publizitate ez-sexistaren erabilerako Kode deontologikoa eta autoerregulazioko testua sinatu du EiTBren izenean Odile Kruzeta EiTB Irratiaren eta Koordinazio editorialaren zuzendariak, beste hedabide eta publizitate agentziekin batera. Hori dela eta, emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde aktiboki lan egiteko konpromisoarekin bat egin du EiTBk.

Besteak beste, gizonen eta emakumeen arteko ikusgaitasun berdina sustatzea, sexu-diskriminazioa saihestea edo Berdintasun legearen begirunea autorregulatzen duten 10 ardatzetan oinarritzen da konpromisoa. Kode deontologikoa biribiltzeko hiru dekalogo gehitzen dira anexo moduan: Publizitate ez-sexistaren erabilerako Dekalogoa, Komunikazio ez-sexistaren erabilerako Dekalogoa, eta Emakumeen aurkako indarkeriaren Tratamendu informatiboaren Dekalogoa.

Beraz, kodeak jasotzen duen moduan, publizitate-agentziak eta komunikabideak sozializaziorako eta balioen transmisiorako eta aldaketarako eragile garrantzitsuak dira gizartean, funtsezkoak berdintasun-maila handiagoko gizarte baterantz doan iritzi publikoa sortzeko.

Kode hori, BEGIRA-Publizitate eta komunikazio ez sexista erabiltzeko Eusko Jaurlaritzaren Aholku Batzordea, komunikabideekin eta publizitate-agentziekin elkarlanean, Euskadin publizitate eta komunikazio ez sexista izateko kode deontologiko eta autoerregulazioko bat sortzeko lan-prozesuaren ondorioa da.

EiTBren izenean parte hartu dute, Ainhoa Sindek (EiTBren Lan-harremanen burua eta Berdintasun arduraduna) eta Edurne Ormazabalek (EiTBren Publizitate burua). Bere garaian Iñigo Hercek ere parte hartu zuen, eitb.eus-en eduki informatibo multimedien koordinatzaile eta Aktualitate burua zenean.

Prozesu horretan parte-hartze aktiboa izan dute komunikazioaren eta publizitatearen arloko hainbat erakundek, besteak beste, SER, Deia, Diario Vasco, Gara, Berria, Europa Press, Bizkaiko Kazetarien elkartea, MBN, Dimensión, Arista, Xabide, Aurman eta Bizkaiko Publizitate agentzien elkartea.