Itxi

EITB TALDEA

Asteazkenean, Donostian

'Mugaldekoak' aurrestreinatuko du ETBk

I.E.

Erredakzioa

Euskal Telebistak sortutako iraganeko lehenengo fikzio lanaren proiekzioa Victoria Eugenia Antzokian izango da, 19:30etik aurrera.

Datorren asteazkenean, hilak 14, "Mugaldekoak", gerra ostean girotutako Euskal Telebistako lehen lana, aurrestreinatuko da Donostiako Victoria Eugenia Antzokian, 19:30etik aurrera. Lehenago, asteartean, aurkezpen prentsaurrekoa izango da eszenatoki berdinean.

Irailean hasi ziren grabatzen proiektu berri hau Tentazioa ekoiztetxeak. Bi eskaintza desberdin izango ditu: pelikula bat (tvmovie formatoan) eta 13 ataletako telesaila. Azken honetan pelikulan agertzen diren pertsonaia eta istorioek segida izango dute.

"Mugaldekoak" proiektuak berebiziko erronka suposatzen du, bai ETBrentzat bai eta Tentazioa ekoiztetxearentzat ere, hau baita Euskal Telebistak sortuko duen iraganeko lehenengo fikzio lana. Pelikula eta telesailaren ardatz nagusietako bat gai historikoa da: "Comette Sarea": Bigarren Mundu Gerran Europako lerroetan jausten ziren hegazkin gidari ingelesak, euskaldun mugalarien laguntzaz, beren jatorrizko herrietara bidaltzeko eratu zen nazioarteko sarea.

Horrekin batera, eta beti ere gerra osteko giro honetan, herrixka bateko familia baten eta bertako herritarren istorioak ezagutuko ditugu; maitasuna, gorrotoa, traizioa, leialtasuna, sekretuak, gezurrak, aitormenak eta aurkikuntzak izango dira istorio eta trama ezberdinen osagaiak. Abenturak eta intrigak ere garrantzia izango dute telesailean.

tvmovie-aren zuzendariak Fernando Bernues eta Mireia Gabilondo ditugu eta, telesailekoak berriz, Eneko Olasagasti, Mireia Gabilondo eta Carlos Zabala. Pertsonaia protagonistak Mireia Gabilondo eta Isidoro Fernandez izango dira. Besteak beste, Sara Cozar, Iñaki Beraetxe, Matxalen de Pedro, Alberto Berzal, Iñaki Rikarte, Klara Badiola, Aintzane Gamiz, Getari Etxegarai, Joxean Bengoetxea etb... ere ikusi ahal izan ditugu lan berri honetan. Orotara une honetan ehun bat lagun dabil proiektu honetan lanean.

Patxo Telleria izan da gidoi arduraduna eta gidoilari taldean Harkaitz Cano, Kike Diaz de Rada, Mireia Gabilondo eta Fernando Bernues aritu dira.

Irudia ere asko zaindu da produkzio honetan, 40. hamarkada ondo islatzeko kontu handiz landu dira makilaia, ile apainketa eta jantzitegi diseinuak. Arropa gehienak Madriletik ekarri dira.

Dekoratuetan era lan handia egin dute. Izan ere, tvmovie-an dauden barruko irudiak platokoak dira, gero telesailarekin jarraipena izan dezaten. Horregatik zineko dekoratuak egin dituzte.