Itxi

EITB TALDEA

Elkartasun kanpaina

EiTB eta UNICEFen Euskal Herriko Batzordea elkarlanean

A.E.|EiTB

Larrialdi Egoeran Dauden Haurren Astea aurkeztu dute

  • UNICEF - EiTB kanpaina

    UNICEF - EiTB kanpaina

EiTB eta UNICEFen Euskal Herriko Batzordeak berriz ere bat egin dute, oraingoan larrialdi egoeran bizi diren haurrentzat laguntzak batu eta herritarrak sentsibilizatzeko helburuarekin. Larrialdi Egoeran Dauden Haurren Astearen barruan eta UNICEFen Bat gehi bat, askoz gehiago da kanpainarekin bat eginez, esfortzu txikiak batu nahi dira emaitza ezin hobeak lortzeko. Kanpaina azaroaren 14an hasi eta 20an, Haurraren Nazioarteko Egunean, bukatuko da.

Aurkezpen ekitaldian, Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak azaldu du EiTBk UNICEFekin duen hitzarmenaren barruan, larrialdi egoeretan bizi diren haur baztertuen beharrak asetzeko abian jarri duen kanpainari babes garrantzitsua eskainiko diola, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, ETB eta www.eitb.eus-en bidez. 'Gure hondar aletxoa jarri nahi dugu, haur baztertuen beharrak asetzeko abian jarri duen kanpaina hau jendartean zabaldu nahi dugu, jendearengan kezka sortu eta elkartasuna lortzeko”, esan du. 'Sinetsita nago euskal gizartearen erantzuna garrantzitsua izango dela. Horrela erakutsi dute euskaldunek EiTBk babeserako edo laguntzarako deia egin duen bakoitzean', azaldu du.

Bere aldetik, UNICEFen Euskal Herriko Batzordeko presidente Isidro Elezgaraik EiTBren elkarlana eskertu du Bat gehi bat, askoz gehiago da kanpainari babesa ematearren. 'Munduan dauden larrialdi egoera guztiengatik momentu historiko batean bizi gara, zoritxarrez; horregatik, funtsezkoa da EiTBk UNICEFi emandako laguntza eta babesa'.

UNICEFen Bat gehi bat, askoz gehiago da kanpainak, azaroaren 14ko astean, Ana Urrutia, Adela Gonzalez, June Ansoleaga eta Patxi Alonso aurkezleen laguntza ere jasoko du. Eurak ere aurkezpenean egon dira, eta UNICEF hitzarekin 38080 zenbakira SMS bat bidaltzeko deia egin dute, mezu bakoitzaren 4€ko balioa UNICEFen Larrialdi Fondora bideratuko dela azalduz. “Larrialdi bat gertatzen denean, desnutrizio larria duten haurren kopuruak gora egiten du nabarmen eta UNICEFek detekzio, tratamendu eta prebentzioan lanean dihardu”, adierazi du 'Eguraldia' saioko aurkezle den Ana Urrutiak. Bere lankide June Ansoleagak UNICEFek babes eta txertaketa arloan egiten duen lanean jarri du arreta: 'UNICEFek larrialdi egoeran burutzen duen ekintza nagusietako bat txertaketa kanpainak dira, gaixotasunen hedatzea eta berragertzea ekiditeko'.

Patxi Alonso 'Atrápame Si Puedes' saioko gidariak ezbehar natural bat edo gatazka armatua dagoen lurraldeetan izaten den ur edangarri gabeziari egin dio aipamena: 'UNICEFek edateko, sukaldean aritzeko eta garbitasun pertsonalerako ur sarbidea hobetzeko lan egiten du'. Azkenik, Adela González 'Ahora' saioko aurkezleak hezkuntza alorreko lana ekarri du gogora: 'Hezkuntza gabeziak epe luzera ditu ondorioak, eta eskolara bueltatzea da bizitakoa alde batera uzteko umeentzako modurik egokiena'.

Edozein larrialditan, ezbehar natural edo gatazka armatuak medio, haurrak dira arrisku gehien jasaten dutenak. 2015ean, 98 milioi pertsonek pairatu zituzten ezbehar naturalen ondorioak, eta 37 milioi haur eskolatik at geratu ziren gatazkaren ondorioz kaltetutako herrialdeetan. Izan ere, haurrak dira biktima ahulenak eta desnutrizioa, biolentzia, osasun, hezkuntza edo babes zerbitzuetarako sarbidea lortzeko arazo gehien izaten dutenak.

Iaz UNICEFek 310 larrialdira eman zien erantzuna 102 herrialdetan, osasun, nutrizio, ur, saneamendu eta higiene, hezkuntza eta babes arloko erantzun integralak eskainiz.  'Gaur egun 250 milioi ume bizi dira munduan gatazka armatuak kaltetutako tokietan. Umeak, euren egoera edozein delarik, beti dira umeak. Kanpaina honen bitartez, larrialdi egoeretan gutariko bakoitzak ahal duena egin dezan lortu nahi dugu', esan du Elsa Fuente, UNICEFen Euskal Herriko Batzordeko koordinatzaileak.

*** Gatazka armatu eta ezbehar naturalek kaltetutako tokietan bizi diren milioika haurren egoera ezagutzeko, bat egin UNICEFen kanpainarekin: www.unicef.es/unomasuno eta jarraitu twitterren #unomásuno

Laguntzeko moduak

UNICEFek pertsona, erakunde publiko eta pribatuak larrialdi egoeretako haurren beharrizanei erantzuteko agente aktibo izatera gonbidatzen ditu modu desberdinen bitartez:

Bidali SMS solidario bat UNICEF hitzarekin 38080 zenbakira (4€)*

* SMS ZERBITZUAREN 4€-ko BALIOA OSORIK UNICEFentzat. Kanpaina solidarioan egindako laguntzen bilketa. Movistar, Vodafone, Orange, Amena, Yoigo eta Euskaltel. UNICEF Espainiako Batzordearen jarduna. Mauricio Legendre kalea, 36 - 28046 MADRIL Bez.Arr.Zk: 902228028. Lege oharra eta datu babesaren inguruko informazioa: www.unicef.es

Egin zure dohaintza www.unicef.es/unomasuno edo hurrengo telefonora: 902 31 41 31 (astelehenetik ostiralera 9etatik 21etara eta larunbatetan 11etatik 17etara)