Itxi

EITB TALDEA

Inkesta

eitb.eus, oso ondo

eitb.eus

2.000 lagunek baino gehiagok hartu dute parte eitb.eus-i buruzko inkestan, eta  Usurbilgo Saizar sagardotegian sei lagunentzako afariaren irabazlea Amaia Benito Maeso da.

EiTBren webguneak, eitb.eus, 10etik 7,54ko nota jaso du urtarrilaren bigarren hamabostaldian erabiltzaileen artean egindako inkestan. Guztira, 2.065 pertsonak hartu dute parte, eta EiTB Taldeak Interneten duen eskaintzaren oso balorazio positiboa egin dute.

Albisteak dira erabiltzaileek gehien ikusten dituzten edukiak, eta ETBko telebista saioen webak eta edukiak eta kirolak dira ikusienen artean hurrengo. Taldeko irratien atarietako web orriek eta Gaztearen webak ere bisita ugari jasotzen dituzte; azken horrek, Maketa Lehiaketaren eta Korrikaren hurrengo edizioaren  webgune bereziak estreinatu berri ditu. Halaber, nabarmendu behar da erabiltzaileen balorazioan Albisteak ataria dagoela lehen tokian, 10etik 7,80ko nota lortuta; ondoren, Telebista eta Irratia atariak geratu dira (7,50eko nota jaso dute), eta Kultura, Kirolak eta Gaztea atariek eta zuzeneko emanaldiek ere oso ongi bat atera dute; eta Parte hartu, Blogak eta HIRU3 umeentzako atariek 6,50 inguruko nota lortu dute.

Hain zuzen, edukiek lortu dute internauten notarik onena, 7,65eko nota jarri baitiete horien interesari. Informazioaren argitasunak ere 7,5etik gorako nota eskuratu du, eta nabigatzeko abiadurak eta diseinuak hamarren batzuk gutxiago jaso dituzte: 7,37 eta 7,23, hurrenez hurren. Azken tokian, webeko publizitatea geratu da; 6,03ko nota jarri diote erabiltzaileek.

Profesionaltasuna eta gertutasuna

Profesionaltasunak jaso du puntuaziorik altuena (10etik 7,70), gertutasunaren aurretik (7,63), eta irisgarritasuna (7,50) eta modernotasuna (7,45) geratu dira ondoren. Ez da harritzekoa, eitb.eus atarian dauden eduki gehienak lokalak eta gertukoak baitira.

Erabiltzaileen ia erdiak (% 41) egunero edo ia egunero sartzen dira webean, eta ehuneko bera, astean bi edo hiru aldiz. Beraz, inkesta bete duten gehienek, % 80k baino gehiagok, astero bisitatzen dute eitb.eus. Soilik % 10 sartzen dira hilean bitan, eta % 3, ia inoiz ez.

Internauta gehienak, % 42, URLa zuzenean idatzita iristen dira eitb.eus-era, baina sarbiderik ohikoenak bilatzaileak (% 21) eta sare sozialak (% 19) dira. Sakelakoak ordenagailua aurreratu du jada: erabiltzaileen % 46k sakelakoa erabiltzen dute; % 43k, ordenagailu eramangarria, eta % 38k, mahai gaineko ordenagailua. Tableten bidez sartzen dira erabiltzaileen % 24, eta ia % 10 (% 8,96, hain zuzen) telebista bidez sartzen dira.

Eitb nahieran

Eitb nahieran atariari dagokionez, erabiltzaileek 10etik 6,83ko nota eman diote. Horien % 72k maiz sartzen dela esan dute, eta astean bizpahiru aldiz bisitatzen dute gehienek. Bereziki, ETBko saioak ikusten dituzte, eta erabiltzaileen % 83k erraz topatzen dute ikusi nahi dutena, eta % 17ri kostatu egiten zaie ikusi nahi duten edukia aurkitzea.

Inkestan, 2.065 pertsonak hartu dute parte, eta Usurbilgo Saizar sagardotegian 6 lagunentzako afaria Amaia Benito Maesok irabazi du.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Albisteak