Itxi

EITB TALDEA

EiTBk unibertsitateko ikasleentzako bekak eskaintzen ditu

2017/18 ikasturtean prestakuntza praktikoa ETBn, Eusko Irratian eta EiTBNETen egiteko aukera eskaintzen die EiTBk 4. mailako ikasleei.

  • EiTB Bekak

    EiTB Bekak

Euskal Irrati Telebistak Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU), Deustuko Unibertsitatearekin eta Mondragon Unibertsitatearekin (HUHEZI) sinatu dituen hitzarmenen ondorioz, 2017/2018 ikasturtean prestakuntza praktikoa Euskal Telebistan, Eusko Irratian eta EiTBNETen egiteko aukera ematen die EiTBk unibertsitate horietako ikasleei.

Prestakuntza praktiko horren helburua ikasleak lan mundura hurbiltzea da. Horretarako, enpresan egiten den eguneroko lana ezagutu ahal izango dute bekadunek, eta horrez gain, aukeratutako lanbidean aritzeko beharrezko diren ezagutzak, trebetasunak eta abileziak, bai eta gaitasun osagarriak (lantaldean aritzea, ardura...) ere erakutsiko dizkiete. Izan ere, gaur egungo produkzio-sektorean lan egiteko ezinbestekoa da arlo horietan trebatzea.

Prestakuntza praktikoa 4 eta 6 hilabete artekoa izango da, eta bekadunek 300 euro jasoko dituzte hilero.

Aukeratutako ikasleak honako arlo hauetan arituko dira:

Euskal Telebistan: Albistegietako zein Kiroletako erredakzioan, Errealizazioan, Grafismoan edo Artxiboan

Eusko Irratian: Euskadi Irratia, Euskadi Gaztea, Radio Euskadi zein Radio Vitoria irratietako erredakzioetan.

EiTBNETen: Edukiak alorrean edo Albistegietako zein Kiroletako erredakzioan.

Prestakuntza praktiko hori jaso nahi duten ikasleek bete beharreko baldintzak honako hauek dira:

-          Elebidunak izan behar dute (euskara-gaztelania)

-          2017/2018 ikasturtean 4. mailan matrikulatuta egon behar dute, jarraian aipatzen diren ikasketetan:

EHUko Kazetaritza edo Ikus-entzunezko Komunikazioko Gradua

Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Gradua (gradu honetako ikasleek beka guztietan eman dezakete izena, ETBko Errealizazioan eta Grafismoan izan ezik).

Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioa Gradua (HUHEZI)

EHUko Arte Ederretako Gradua (gradu honetako ikasleek ETBko Errealizazioan edo Grafismoan baino ezin dute izena eman).

Izena eman nahi duten ikasleek orri hau bete eta hautaketa@eitb.eus helbidera bidali beharko dute. Gaia atalean, "EiTB bekak" jarri behar da. Halaber, dagokion fakultateko idazkaritza edo dekanotzara jo dezakete. Epea 2017ko maiatzaren 9an amaituko da.

Beka hauen inguruko informazio guztia (hautaketa prozesuak, datak...) web orri honetan (www.eitb.eus) argitaratuko dugu.