Itxi

EITB TALDEA

Lo Veo Jardunaldia

Telebista autonomikoek ikus-entzunezkoen digitalizazioaz hausnartu dute

EiTB

EiTBk 'Transformazio digitala ikus-entzunezko zerbitzu publiko autonomikoetan' jardunaldia hartu du, FORTAren 'Lo Veo' ekimenaren barruan.

'Lo Veo, ezberdin izateak bakar egiten gaitu' ekimenaren barruan, FORTAk, Irrati eta Telebista Autonomikoen Federazioak eta Euskal Irrati Telebistak EiTBk 'Transformazio digitala ikus-entzunezko zerbitzu publiko autonomikoetan' jardunaldia antolatu du Bilbon, digitalizazioak ikus-entzunezkoen esparruan dituen erronkei buruz eztabaidatzeko helburuz.

EiTBren egoitzan izan den ekitaldia egun FORTAko presidente den Jesus Lopez Cabezak zabaldu du. «Ikus-entzunezko hedabide publiko autonomikoek gizartean izan diren aldaketa prozesuetan leku garrantzitsua izan dute». nabarmendu du.  «Digitalizazioaren eraldaketa garai garrantzitsu honetan gure borroka edukietan dago» erantsi  du.  Halaber, «organo araugileek Bigarren Dibidendu Digitalaren barruan ikus-entzunezko zerbitzu publiko autonomikoen espazioa ez mugatzearen beharra» azpimarratu du.

Maite Iturbe EiTBren apustu digitalaren inguruan

Ondoren, Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak EiTBren apustu digitalaren lerro estrategiko nagusien berri eman du, eta nabarmendu du pertsona eta komunitate konektatuak jarri dituela EiTBk bere xedearen muinean. Halaber Iturbek adierazi du ikus-entzunezko hedabide publikoen eredu digitalak «ikuspegi holistikoa izan behar duela  eta beraren emaitzaren balioa ekarpen guztien batura baino handiagoa izatea».

EiTBren ereduari dagokionez, Iturbek esan du interneteko produktu guztiak bateratzearen ondorioz interneteko audientzia hamar urtean hamar bider handitu dela, gaur egun 3.3000.000 erabiltzaile bakar izanik. Hala, 2018an, hilean 2.000.000 erabiltzaile bakarrek jotzen dute eitb.eus-eko eduki informatiboetara, «hau da, gure interneteko audientziaren  60k eduki informatiboak» kontsumitzen dituztela azaldu du, eta azpimarratu du igoera hori ez dela edonola egin: «gure zerbitzu publikoaren eredu digitalak ikuspegi holistikoa izatea nahi dugu, eta beraren emaitzaren balioa ekarpen guztien batura baino handiagoa izatea».

Jarraian, telebista konektatuak ekarri dituen lan prozesuak teknologiaren ikuspegitik egokitzearen beharraz mintzatu da zuzendari nagusia. EiTBren kasuan, 2007an ekin zitzaion telebista, irrati eta interneteko prozesu teknologikoak bateratzeari. Produktuei dagokienez, Gaztea, 'El Conquistador del Fin del Mundo' eta 'Go!azen' nabarmendu ditu etorkizunean jarraitu beharreko eredu arrakastatsu gisa.

Azkenik, EiTBren plataformen aldeko apustua egin du Iturbek: «markaren ekarria egiteaz gain, oinarrizko 'big data' jartzen dute eskueran, eta baita kontrol teknologikoa eta beste batzuen menpe ez egotea ere. Kanpoko plataformek audientzia dakarte, baina kontrola eta beraiei buruzko informazioa eskasa da».

Kazetaritza-molde berriak: digitala eta mugikorra

Ingurumari honetan, gaurko ekitaldia Smartberri sariak banatzeko baliatu dute, smartphone bidez oso-osorik egindako ikus-entzunezko erreportajeen lehiaketako sariak, hain zuzen ere. EiTBk, UPV/EHUrekin, Deustuko Unibertsitatearekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta Nafarroako Unibertsitatearekin lankidetzan sortu du lehiaketa. Ikus-entzunezko sormena eta herritarren partaidetza sustatzeko.

Ildo horretatik, Ramon Salaverria Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Fakultateko Ikerketa dekanordeak eta Juan Carlos Etxeberria ETBko albistegien editore eta aurkezleak mugikorrak hainbeste garrantzi duen garai honetan kazetaritzak dituen ezaugarriak aztertu dituzte.

Salaverriaren aburuz hiritarrek protagonismoa dute ingurumen digitalean, «baina hedabideetako profesionalen  obligazioa da, informazio hori egiaztatzea, kontrastatzea eta testuinguruan jartzea. Komunikazio fakultateak ere egokitu egin behar dira. Egun ez du zentzurik profesionalei hedabideak erakustea. Garrantzitsuagoa da  irizpidea, hizkuntza erakustea. Hori da kazetarien prestakuntzaren gakoa. Balioak iraunkorrak  dira eta teknologiak, berriz,igarokorrak»

TB linealaren eta TB digitalaren elkarbizitza osagarria

Jarraian, ikus-entzunezko hedabide autonomikoek duten erronka digitalaren inguruko mahai-ingurua izan da, eta bertan, arestian aipatutako Maite Iturbe eta Ramon Salaverriarekin batera Alfonso Sanchez, CRTVGren zuzendari nagusia; Brauli Duart, CCMAren presidenteorde eta jarduneko presidentea, eta Joaquin Duran, RTVAko zuzendariorde eta Canal Surreko zuzendariak hartu dute parte.

Eztabaida ireki honetan, besteak beste, honako gaiak jorratu dituzte: ohiko telebista lineala eta telebista digitalaren elkarbizitza eta osagarritasuna; ingurune berrian ikus-entzunezko hedabide autonomiko publikoek teknologian, edukietan eta antolakuntzan egokitzapenak egiteko beharra; telebista autonomikoen eskariak bigarren dibidendu digitalaren harira; ikus-entzunezko zerbitzu publiko autonomikoen garrantzia postegiari aurre egiteko, eta norberaren plataforma digitalak sustatzea, beste batzuek kontrolatutako plataformen aurrean.

Alfonso Sanchezek  ikus-entzunezko zerbitzu publiko autonomikoak eszenatoki disruptibo eta ebolutibo horretara egokitzen saiatzen ari direla azaldu du «erronka zaila da, baina gai gara berma guztiekin erronkei aurre egiteko». Bestalde, Brauli Duartek  erronka digitala  hedabide publikoen biziraupenari lotuta  dagoela azpimarratu du.  «Ikuspegi digitalak gure hedabidetan integratuta egon behar du, gure formatu guztietan eragina duen ardatz transbertsala da».

Joaquin Duranek  eztabaida osotu du egokitzapen digital eraginkorrak  ikus-entzunezko hedabide publiko autonomikoen eraldaketa estrukturala eskatzen duela adieraziz. Oro har, Informazio hurbila  eta hiritarrengandik gertu egotea hedabide autonomikoen indar gune nagusia direla esatean  bat etorri dira mahai-inguruko parte hartzaile guztiak eta hori digitalizazioari esker indartu daitekeela uste dute.

Hedabide publikoak, aniztasuna bermatzen dute eremu digitalean

Jardunaldia Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak itxi du. Bere esanetan, ikus-entzunezko hedabide autonomiko publikoek aniztasuna eta hizkuntza ezberdinen babesa eta sustapena bermatzen dute.

EiTBren kasuan, zehazki, Euskadin sustatzen ari diren digitalizazio politiketan protagonista izan behar duela azaldu du. Lehenik eta behin, edukiak sortzeko lantegi gisa, EiTBk ikus-entzunezko edukiak sortzeko Euskadiko plataforma nagusia izan behar duela aipatu du. Halaber, telebistako, irratiko edo interneteko edukien hedapenean duen paper protagonista azpimarratu du.

Era berean, gazteentzako ikus-entzunezko edukiak sortzean, telebistako programazioak ezartzen dituen loturez harago, edozein momentutan eta edozein plataformatan kontsumitzeko edukiak sortzeko beharra jaso du.

Gainera, EiTBk euskal zinemagintza sustatzeko egiten duen esfortzua azpimarratu du. «Nekez ikus genezake Netflix bezalako plataforma batean 10 Goya irabazi dituen Handia filma EiTBren babesa izan ez bazuen proiektua finantzatzeko eta hedatzeko» esan du.