Itxi

SmartBerri

Smartberri sari banaketa

Oihane Zunzunegiren 'Ez da Erraza' bideoak jaso du I Smartberriko lehen saria

EITB

Bigarrena Jon Padillaren 'Haiti, bizimodua eta euskara' lanak eta hirugarrena Ana Galisteoren 'Huertos Urbanos'ek.

2:27

Ostegun honetan, apririlak 12, egin da smartphone bitartez egindako erreportajeen I Smartberri lehiaketaren sari banaketa, transformazio digitalaz FORTAk eta EiTBk antolatutako jardunaldian. Lehen saria, Oihane Zunzunegirentzat izan da 'Ez da Erraza' lanarengatik; bigarren saria, Jon Padillaren 'Haiti, bizimodua eta euskara' bideoak jaso du, eta hirugarren saria, Ana Galisteoren 'Huertos Urbanos' ikus-entzunezko lanarentzat izan da.

Sari banaketa  FORTAk, Irrati eta Telebista Autonomikoen Federazioak eta Euskal Irrati Telebistak antolatutako jardunaldiaren baitan egin da. Jardunaldi horretan, transformazio digitala zerbitzu publiko autonomikoetan izan dute hizpide.

EiTB Komunikazio taldeak antolatu du lehiaketa Euskal Herriko Unibertsitatearekin, Deustuko Unibertsitatearekin, Nafarroako Unibertsitatearekin eta Mondragon Unibertsitatearekin lankidetzan.

Sarituak

Epaimahaiak aho batez erabaki du Smartberri lehiaketaren lehen saria Oihane Zuzunegiren "Ez da Erraza" bideoari ematea. Oihanerentzat 1.499 euroko saria eta plaka oroigarria  izan da. Galdakaoko 22 urteko neskak Australian lanean dagoela parte hartu du lehiaketan eta bere amak, Alazne Madinabeitiak jaso du saria.

Oihanek Euskal Herriko Unibertsitatean ikasi zuen Ikus-entzunezko Komunikazioa. Nepalen egon da berriki, kooperazio proiektu batean lanean, eta orain Australian dago. Queensland-etik bidali du eskerrak emateko bideoa euskaraz, bere ama hizkuntzan.

Bigarren saria, 499 euro eta plaka oroigarria, Jon Padillak jaso du 'Haiti, bizimodua eta euskara' bideoarengatik. Jon Donostian jaio zen 1989an, Ingurumen teknikaria da eta Errenteriako kontserbatorioan piano eta musika ikasketak burutu zituen. Orain, Haitin dago, Eusko Jaurlaritzaren Euskadiko Gazteak Lankidetza programaren baitan.

Hirugarren saria, Ana Galisteoren 'Huertos Urbanos' bideoak jaso du, 199 euroko saria eta plaka oroigarria. Ana Cadizeko  San Fernando herrian jaio zen, 1997an, eta duela 3 urte Sevillara joan zen Ikus- entzuneko Komunikazioa ikastera. Bere ametsa Telebista eta zinemaren munduan lan egitea da eta 'Te Toca Actuar' gobernuz kanpoko erakundearekin kolaborazioak egiten ditu diseinu grafikoaren alorrean eta Community Manager gisa.

Lehiaketa

Smartphoneak ikus-entzunezko erreportajeak egiteko ematen dituzten aukerak oso zabalak dira, eta Smarberri lehiaketa martxan jartzeko arrazoi nagusia izan zen EiTBrentzat eta elkarlanean aritu diren lau unibertsitateentzat.

Aurreikuspen guztiak gainditu ditu lehiaketak, izan ere, bai bideo irabazleak zein bigarren sarituak ere, egileentzako arrotzak ziren egoera eta tokietan grabatu dira, Euskaditik milaka kilometrora. Hala ere, oso erraza egin zaie saridunei bideoa editatu eta berehala Bilboko EiTBko egoitzara bidaltzea, online konexioak eskaintzen duen berehalakotasunari esker.

Hain zuzen ere, Smartberri lehiaketa Komunikazioaren esparruak, oro har, eta telebistarenak, zehatz esateko, bizi duen  eraldaketaren barruan kokatu behar da.

Mugikorrez egindako kazetaritza Mojo de Mobile Journalisn izenez ezagutzen da ingelesez. Geroz eta telebista kazetari  gehiago ari da smartphonea erabiltzen, notiziak grabatu, editatu eta zuzenean bere kateetako albistegietan sartzeko.

Duela gutxi, Googlentzat Kantarrek egindako txostenaren arabera, Smartphonea lehen pantaila bilakatu da,  batez ere gazteentzat. Halaber, geroz eta gehiago erabiltzen den ikus-entzunezko komunikazioaren tresna ere bada.

Amerikako Estatu Batuetan Ooyalak egindako ikerketaren arabera, smartphoneek onlineko bideoen %60 hartzen du.

Agerian da sakelako telefonoak komunikazioaren munduan hartzen ari diren garrantzia eta  batik bat gazteengan .

Hauxe da, hain zuzen ere, EiTBk deitutako Smartberri lehiaketaren kasua. Finalera iritsi diren 15ak  gazte sortzaileak dira eta smartphone bidez egindako ikus-entzunezko lan hauekin lehiaketaren lehen edizioan hartu dute parte.

Lehen sarituak 1.499 euro eta plaka oroigarri bat jasoko du; bigarrenak 499 eta  plaka oroigarria eta hirugarrenak 199 euro eta  plaka oroigarria.

Sari banaketa 10:30ean izango da, EiTBren Bilboko egoitzako Multibox aretoan (Basurtuko Kaputxinoak 2) lehen aipatutako FORTAren jardunaldiaren baitan.